Negutegiko barazki eta lore berriak agertu badira ere, baratze lanetan behar bezala hasteko giroak ez du laguntzen eta denbora aurreratu ahala kezka nagusitzen ari da
Landare postuak bere onenean, aldiz, beharrezkoenak falta: giroa eta eroslea. Aukera zabala, piper, tomate, kuiatxo edo kalabazina, tronpeta kuia, uraza, luzokerra, kukulua, martorria edo zilantro, tipula, perexila… baina lan handirik egin gabe eman zuten goiza landare saltzaileek. Eguraldiak lagundu ezean ez dago zer eginik. Euria erruz ari zuen atzo ere eta lurrak erabat lokaztuta daude. Negutegiak dituztenak, zailtasunak zailtasun, hainbestean, izan ere horietan daudenek ere eguzkia lagun lehenago irabazten baitute. Hala ere, badatoz udaberriko ekoizpenak. Atzo lehen baba berria ekarri zuen Anoetako Maite Jauregik, 5 euroan kiloa, eta ilarrak ia bi postuetan ziren, 12-14 euroan. Lore berriak ere bai: petunia, begonia, geranio pentsamendua eta baltsamina arrunta edo alegria lorea (
Impatiens walleriana).
Aspaldiko partez Lasaren postuan hiru mikologia espezie aukeran: udaberriko ziza (40 kilo, 80 euroan kiloa, aurtengo lehenengo onddoa (30 kilo, 35 eu-roan), eta oso gutxitan ikusi izan dugun martxoko ezkoa edo elur ezkoa (
Hydrophorus marzuolus), 20 kilo 40 euroan. Garai honetan atera ohi da eta oso estimatua da ezagutzen dutenen artean. Hemengo pagadietan eta basa pinuetan ateratzen badira ere, ez ziren Euskal Herrian bilduak, Soria, Zamora eta Portugalen baizik.
Oiloen garai emankorrena
«Hauek ere estimatuko lukete eguraldi hobea, euria, hotza eta haizea ez dute gustoko». Hala zioten aho batez etxean librean oiloak dituztenak. Hala ere, hauxe da urtean gehien erruten duten garaia. Loka aldia hasi artean emankor izaten dira garai honetan oiloak. «Hasita daude loka jartzen eta geroz eta gehiago hurrengo asteetan», «Herenegun sortu zien gure etxean txitak» edota «Belarra hazten ari da eta atzo bilatu nuen oiloa gordeta 13 arrautzekin», Axun Etxeberriak eta Kontxi Aiestaranek kontatuak dira. 3,5-4 euro artean aurki daiteke dozena, librean ibiltzen direnena, postu ezberdinetan erreparatuz. Eta 1,5 eta 2,4 euro artean dituzte neurri ezberdinetakoak Mutiloako Atiberkoak.
Kanpoko gerezia.
Leridatik ekarri dituzte dagoeneko gereziak. Gezurra badirudi ere, araberako estalpean dauden gereziondoen lehen fruituak ekarri zituzten atzo, eta kiloa 9 euroan jarri zuten salgai.
Nafarroako gari zainzuriak ere hasi dira, kiloa 5 euroan.