Ataunen ostiral arratsean jokatu zen profesionalen pilota jaialdia kirol horrek herrian daukan osasun onaren erakusle izan zen: harmailak ikuslez beteta, kantxan bi pilotari ataundar, bost hilabeteren buruan bi jaialdi antolatzeko prestasuna, eta eskol...
Ataunen ostiral arratsean jokatu zen profesionalen pilota jaialdia kirol horrek herrian daukan osasun onaren erakusle izan zen: harmailak ikuslez beteta, kantxan bi pilotari ataundar, bost hilabeteren buruan bi jaialdi antolatzeko prestasuna, eta eskolako neska-mutiko mordoa, zuriz.
Lehen neurketan, Iraitz Zubizarretak lehenengo partida jokatu zuen, profesionalekin. Ibai Zabala berriztarra zuen atzean lagun —urdinez—, eta Iker Arretxe eta Iñaki Etxegoin aurkari. Zubizarreta-Zabalak 22 eta 11 galdu zuten arren, printza dotoreak erakutsi zituen aiarrak. Profesionaletarako hautagaitza serioa aurkeztu du, Auzoetan. Tantoak bukatzeko dohaia badu; ezker gantxoz bikainak egin zituen, baita txokoan dejadaz bat edo beste ere.
Gorriak 8-1 aurreratu ziren; 10-6raino hurbildu ziren urdinak, baina 19-9raino ihes egin zieten gero. Etxegoinek oso ongi jokatu zuen, baita Arretxek ere (8 tanto egin, batere galdu ez). Zabala, bere ohiko mailatik behera jardun zen. Zubizarretak 6 egin eta 6 galdu zituen. Ikusleei txaloak joz irten zen kantxatik.
Albisu, Olaizolarekin
Bigarren neurketan, Banakako Txapelketaren estreinaldia jokatu zuten Jon Ander Albisu sangregorioarrak eta Jose Javier Zabaleta etxarrendarrak. 22 eta 8 irabazi du Albisuk. Aukera txikiena ez zion utzi: 15 tanto egin (atzean 10), eta 2 galdu. 86 pilotakadatan egin ditu 22ak.
Buruz buru, bigarren partida irabazi du Albisuk. Final zortzirenetara igaro da, eta larunbatean Aimar Olaizolaren aurka jokatuko du, Iruñeko Labriten.