Iñaki Olano eta Ainhoa Sanz, lehen bisitaldian Leharrein garaile

Gabiriako mendi lasterketan, nesken marka ondu du Sanz urretxuarrak: 2:25:05. Learregi aldapa azkarren Josu Imazek igo du, errekorrarekin (4:59). 113 korrikalari

Etorri, korrika egin, eta irabazi. Horixe egin zuten, larunbat goizean, Iñaki Olano altzoarrak eta Ainhoa Sanz urretxuarrak Gabirian. Leharrei mendi lasterketaren hirugarren ekitaldian garaile izan dira, makildun —makila bana jaso dute saritzat—. Denbora onak egin dituzte oro har, eguraldi goxoak lagunduta. Lokatza bazegoen haatik, aurreko asteko euriteen ondorio.

Beste bi urteetan baino partaidetza apalagoa izan du Leharreik. Izena emanda 138 zeuden, eta 113 irten ziren 09:30ean, 24 kilometro gora-beheratsuri aurre egiteko. 111k bukatu dute.

Gizonezkoetan, Olanoren eta Martin Diez segurarraren arteko buruz burukoa izan da lehia. Otañuko igoeran atzean utzi zuen Olanok, baina inoiz segundo batzuk baino gehiagoko tartea atera gabe.

Hasieran Imanol Intza zumarragarrak lagundu zien lasterketa-buruan; geroago, Sergio Serrano idiazabaldarrak zaindu zituen gertutik, baina harrapatzea lortu gabe.

Emakumeetan, mendi lasterketetan estreinaldia zuen Ainhoa Sanzek, lehen lasterketa. «Luze» egin zitzaion korrikaldia, «esperientzia faltagatik». «20. kilometrotik aurrera batik bat, bukatzeko gogoa neukan. Baina gozatzeko ere aukera izan dut, korrika egiteko leku asko zegoen eta. Aldapan behera oso traketsa naizela ikusi dut, teknika hori hobetu beharko dut», zioen.

Errekorra jarri du

Goierriko Trail Kopako lider Laida Elizegi ez zen Gabirian. Haren hutsunea ederki baliatu du Sanz debutariak. Lasterketako denbora-marka hobetu du, gainera, nesketan: 2:25:05. Hamabigarren sailkatu zen, nagusian.

Goierriko Kopan, gizonetan Martin Diezek jarraitzen du lider. Emakumeetan aldaketa izan da: Ione Cerezo zumarragarra dago orain buru. Hurrengo proba Segura-Zeraingo Sanson da, maiatzaren 5ean.

Learregi aldapa azkarren Josu Imaz beasaindarra igo du: 4:59 minutu. Sari berezia jaso du horregatik. Marka ondu du.

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend