Sirian gertatzen ari denaz gogoeta egiteko prest

Legazpiko Beti-Gazte Animakzio elkarteak antolatuta, Aritz Saidik (Antzuola, 1984) ‘Zer gertatzen da Sirian?’ hitzaldia egingo du etzi, kultur etxean. Gaiak are gaurkotasun gehiago dauka egunotan.

Zer gertatzen ari da Sirian? Ez da, inondik ere, galdera makala. Areago egunotan non AEBtako, Britainia Handiko eta Frantziako armadek Siria bonbardatzen ari diren. Beti-Gazte Animakzio elkarteak aurrez programatuta zeukan Aritz Saidi adituaren hitzaldia, baina egunotako gertakizunek gaiari oraindik eta gaurkotasun gehiago eman diote.

Saidi Siriaren Alde plataformako kidea da. Dagoeneko zazpi urtez iraun duen Siriako gerraren inguruko azalpenak emango ditu etzi, Legazpiko Kultur Etxean, 19:00etatik aurrera. «Hango gerraz iristen zaizkigun albisteetan badira kontraesankorrak diren berriak. Esate baterako, Al Assad gerra irabazten ari dela dirudienean, zergatik arma kimikoen erabilpena?», dio Saidik, arma kimikoen erabilpena bera ere zalantzan jarrita.

Oro har, azaldu duenez, «kontatzen zaiguna baino gehiago da kontatzen ez zaiguna. Izan ere, tartean interes geopolitiko asko dago». Komunikabideen rola ere auzitan jarri du. «Albisteak bertatik bertara ematen dituzten gero eta berriemaile gutxiago dago, eta gurera, komunikabidea edozein koloretakoa dela ere, iristen diren albisteak oso antzekoak dira. Lerro editoriala aldatu daiteke, baina teletipoa berbera da».

Saidi Ekialde Hurbilean ibili zen 2015ean. Etziko hitzaldian gaia kokatuko du, «guztia modu erraz batean azalduta». Jarraian, Udaberri Arabiarrak izan ziren haietan benetan zer gertatu zen kontatzeko asmoa du. «Gerora Wikileaks-eko paperek agerian utzi zuten udaberria haietan jazotako sasi-erreboltak aurrez programatuta zeudela eta interbentzioak egiteko aitzakiatzat hartu direla. Kontuan hartu askatasun gehien zuten herrialdeetan gertatu zirela eta erreakzionarioenak, ordea, bere horretan dirautela».

Energiaren soka

Dioenaren adibide izan daiteke Saudi Arabiak Yemenekiko duen jokabidea: «Yemen munduko herrialde pobreenetakoa da eta Saudi Arabiaren erasoak jasaten ditu. Horri buruz ez da ezer ere esaten».

Gatazken giltza, neurri batean, energiaren ustiapenean datzala dio Saidik. Berak arlo horretan egiten du lan eta ederki daki Ekialde Hurbilean gertatzen ari diren sarraskien muinean energia kontrola dagoela.

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend