Landare eta lore postuetan elkartu da bezero kopururik handiena, eta kanpokoetan hasi dira udaberriko fruta berriak agertzen.
Ez du alferrik apirilak jorraila izena ere. Lurra jorratu eta erein edota landatzeko garai bete-betean gaude, baina eguraldia lagun izatea ezinbestekoa da. Orain arte gertatu ez dena. Lanerako gogo faltarik ez da. Atzo gogotsu sentitzen zen jendea. Behar ziren parametroak parean tokatu ziren: eguzkitsu, epel eta eguraldiak hala segituko duen iragarpena. Ondorioz, loreak eta landareak erostera jende asko etorri zen.
Landareetan aukera zabalazegoen, urteko zabalena esan daiteke: piper mota asko (Gernika, pipermina, morroa eta italiarra (0.10-0,15 euro bakoitza), tomatea (Jack txertatua, Igeldo autoktonoa eta Robin, 0,60-1 euro artean); tipulina-tipula 3 euroan zientoa; uraza mota ezberdinak: haitz hostoa, errukula, kukuluak, asto belarria…0,10-0,20); leka (0,20-0,25 euro); luzokerra eta luzokertxoak (0,30); tronpeta kuia (0,20); marrubia (0,60-0,70); eta landare usaindunetan, albaka (2,5 ) eta martorria (0,2).
Loreetan, nahi adina neurri, kolore eta motakoak zeuden: :, geranioa, huntza, koleoa, baltsamina arrunta eta gineakoa, petunia, fuksia, hortentsia… (1,10-18 euro artean aukeran).
Lore sortei dagokienez, anemonaz, tulipanez, irisez edota kalaz osatutako koloretsu eta dotore askoak zeuden salgai, 4 eta 6 euro artean.
Bestetik, gaztaren hilabetean gaudela eta, Edurne Ezenarro Xoxote gaztakoak izan zuen propio jarritako postuaren ardura.
Kanpoko produktuen artean, berriz, joan zen astean aipatu genituen Leridako gereziei jatorri bereko nektarinak (5 euroan), Almeriako sandia (2,5-3 euro artean) eta Marokoko mertxika gehitu zaizkie aste honetan
Ekoizleen lana goraipatuz
Beti deigarriak gertatzen diren grabaketa lanetan ari zen gazte talde bat. Mondragon Unibertsitatekoak GBL Gradu Bukaerako Lana egiteko xedearekin etorriak ziren. «Sukaldariak asko aipatzen dira, baina ekoizlea ahazten deneko sentsazioa dugu eta ekoizleari sukaldariei adineko garrantzia ematea da lan honen helburua» adierazi ziguten. Basque Culinary Center eta Oianguko sukaldariak lagun hartuta, goizean goizetik ibili ziren ferian.