Lazkaotarrak festarako prest
Mozorrotuen larunbateko eguna ardatz dela, Lazkaon San Prudentzio festetako lehendabiziko asteburua ospatuko dute, bihartik igandera. Txirrindulari elkarteak piztuko du hasierako suziria.Hiru ekinalditan ospatzeko, hemen dira Lazkaoko jaiak. Bihartik i...
Mozorrotuen larunbateko eguna ardatz dela, Lazkaon San Prudentzio festetako lehendabiziko asteburua ospatuko dute, bihartik igandera. Txirrindulari elkarteak piztuko du hasierako suziria.
Hiru ekinalditan ospatzeko, hemen dira Lazkaoko jaiak. Bihartik igandera izango da aurreneko saioa, aho gozagarri. Bigarrena, eta mardulena, apirilaren 27tik maiatzaren lehenera. Hirugarren asteburuan, berriz, Lazkaomendi auzoko festen txanda etorriko da, maiatzaren 5 eta 6an.Aldaketa handirik egin gabe, sustraitutako ekitaldi herrikoiak, eta elkarteek hornitzen dituztenak uztartu dituzte egitarauan. Danborradak desagertu dira, bai haurrena, bai helduena. Txirrindulari probak 75. ekitaldia izango du apirilaren 30ean, eta, horregatik, Lazkaoko Txirrindulari Elkarteari eman diote txupina botatzeko ardura, bihar.
Lehen asteburua, mozorrotuen festaren inguruan egituratu dute, ohi den bezala. Larunbatean aterako dira lagun-taldeak disfrazekin.
Eraso sexistekin kezka
Udalak, bere aldetik, hiru mezu eman ditu: lo dauden bizilagunekiko errespetua, alkohol kontsumo arduratsua egiteko eskaera, eta batez ere eraso sexisten aurkako kontzientzia hartzea. Aurreko asteburuan autodefentsa feminista tailerra egin zuten, eraso sexistak zer diren, nola atzeman, eta jasandakoan zer egin garbi edukitzeko.
Bestetik, sexu erasoen aurkako protokoloa aktibatuko dute. Emagin elkarteko kideek bihar 15:00etan azalpenak emango dituzte, udaletxeko batzar aretoan. Ordu eta erdiko saioa izango da. Udalaren Berdintasun Sailak eta Lazkaoko Gazte Asanbladak antolatu dute.
Musika talde ugari
Lehen asteburuan, aipagarria da Lazkaoko gau giroa piztuko duten musika kontzertu sorta. Bihar eta etzi gauetan bederatzi taldek joko dute, plazako oholtzan eta txosna gunean. Unidad Alavesa talde ataundar-lazkaotarra ariko da. Baita Goierriko BigBadMan ere, disko berria besapean, edo herriko gazteen Mauka ere. Musika eskolako taldeek kultur astean eguraldi txarragatik bertan behera utzitako saioa egingo dute, bestetik.
The Governors eta Liher dira beste proposamen batzuk.