Apirilaren 23tik 29ra jarriko dute Loinazko San Martin plazan. Gogora Institutuak orain arte jasotako testigantzak entzuteaz gain, goierritarrek ere beraien bizipenak kontatzeko aukera dute
Beasainen elkarbizitza eta bizikidetzaren alorrean egiten ari diren lana osatzera dator Gogora Institutuaren Memoriaren Plaza erakusketa ibiltaria. Datorren aste osoan, astelehenetik igandera, Loinazko San Martin plazan, goierritarrek memoria eraikitzeko aukera izango dute. Izan ere, Aintzane Ezenarro Gogora Instititutuko zuzendariak aurkezpenean esan zuenez, Memoriaren Plazaren helburu nagusia, memoriaren eraikuntzan herritarren parte hartzea sustatzea da. «Memoria guztion artean eraiki behar dugu, eta gutariko bakoitzak gure bizi esperientzian abiatuta eraikitzen dugu memoria. Beraz, erakunde publikooi dagokigu espazioak sortzea, desberdinak izan daitez-keen memoria horiek elkarrizketa batean jartzeko eta elkarri entzuteko batez ere».
Elkar entzuteko espazioa sortu dute, gogoeta eragiteko. Batetik, Gernikako bonbardaketa bizi izan zutenen testigantzak entzuteko aukera izango da. Bestetik, frankismoaren azken urteetako legez kanpoko biktima polizialak eta haien sendiartekoen testigantzak. «Eta azkenik, hurbilen duguna, terrorismoaren biktimen testigantzak, hildako biktimen sendiartekoek emandako testigantzak». Horrezaz gain, norberak bere testigantza grabatzeko aukera ere izango du.
Transmisio lana ere egin nahi dute eta horretarako eskualdeko DBH 4ko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako taldeak (momentuz 15 talde izena emanda daude) joango dira Memoriaren Plazara.
Hamazazpigarren plaza
2016ko otsailean jarri zuten lehenengo Memoriaren Plaza erakusketa ibiltaria Bilbon; Beasain hamazazpigarren herria da. Dagoeneko 30.100 lagunek hartu dute parte eta goierritarrei parte hartzeko deia egin diete.
Memoriaren plaza
· Apirilak 23 (astelehena): Erakusketaren irekiera ekitaldia, 18:00etan.
· Apirilak 25 (asteazkena): Biktimen mahai-ingurua, 19:00etan.
· Apirilak 26 (osteguna): Zine foruma: Pasaiako Badia dokumentalaren emanaldia (19:30); ondoren, egileekin eta senitartekoekin solasaldia.