Lazkaoko BigBadMan taldeak '5 songs' diskoa ondu du. Interneteko guneetan jarri dute eskuragai, oraingoz. San Prudentzio jaietako lehen gaua alaituko dute, gaur gauean. Lau musikari beteranok osatua da.
Eguzkitako betaurreko beltzekin, rockzale zaharren antzera ageri dira lau musikariak, promozioko argazkietan. Izan ere, musika munduan udaberri dezente ezagutuak dira denak; musika dute pasio, eta zuzentasunik ez dute nahi espresatzeko. Taldearen izenetik hasita: The BigBadMan (Gizon handi gaiztoa). Big Band edo banda handiaren garapena.
Lazkaoko San Prudentzio jaien lehen gaua herriko musika-taldeei erreserbatzen die Festa Batzordeak. Gaur da egun seinalatua, 23:00etan, plazako oholtzan. Maukak eta BigBadManek joko dute. Beste talde bat ere iragarri zuten programan, baina bi izango dira soilik, azkenean. Aurretik, 19:30ean, musika eskolako konboek ere joko dute.
Etorri ere, besapean disko berria duela iritsiko da BigBadMan plazara. Besapean baino gehiago, poltsikoko telefonoetan. Interneten bakarrik eskegi baitute 5 songs bilduma. Bost abestiz osaturiko disko laburra da, taldearen estreinakoa. Amazonen eta Itunesen eskura liteke oraingoz, baina ez dute baztertu disko-diskoan kaleratzea; ezta biniloa ere, soinu hori maite baitute, rockzale zaharren fedean.
Taldea 2015ean osatu zuten, Lazkaon. Baina goierritar DNA du. Stuart Kelling eskoziar goierritartua (ahotsa, gitarra eta teklatua), Joselu Alonso (baxua), Mikel Caballero (bateria eta ahotsa), eta Xabi Auzmendi (gitarra eta ahotsa) dira kide.
«Hamarkada askotako ibilbidea dugu», dio Kellingek. Drindotsen ibilitako Auzmendi eta Caballero, Dogma de Fe-ko Joselu, eta Kelling bera lekuko. Edinburgen (Eskozia) jaioa eta Swansean (Gales) hazia da Kelling. Cardiffen, Londonen eta AEBetan bizi izana, ingeles akademia dauka Lazkaon.
Rock, pop eta indie ingelesa
Jotzen duten musika definitzeko eskatzea, «galdera ona» dela diote: «Oinarrian rocka, popa eta indiea ditugu, baina eragin askorekin; denok egiten baititugu ekarpenak. Ingelesez kantatzen dugu; letra, nire errua da», dio Kellingek, british umorez.
Diskoa iazko udan grabatu zuten Fredi Pelaezekin Pottoko estudioan. Baina Benefit Street abestiaren bideoklipa grabatu eta sareratu arte itxaron dute diskoa ere jaulkitzeko. Luken Sanchez ordiziarrak ekoitzi die bideoa. Gaur, ordea, zuzen-zuzenean ariko dira, Lazkaon.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.