400 haur inguru eta hamaika saskiratze, Aspanogiren alde
Ordiziako Saskibaloi Taldea lehen aldiz Azatxo Topaketa ospatzen ari da. Saskibaloian jolastuz, Aspanogi Elkartearentzat dirua lortzea dute helburu
Azatxo Topaketa ospatzen ari da Ordiziako Saskibaloi Taldea gaur, lehen aldiz. 400 haur inguru elkartu dira saskibaloian ibiliz Aspanogi Elkarteari esku bat botatzeko. Izan ere, parte hartu ahal izateko 10 euro ordaindu dituzte haurrek, eta lortutako diru guztia elkartearentzat izango da. Ordiziarrez gain, Beasaingo BKL, Donostiako Easo eta Azpeitiako Iraurgi taldeetako jokalariek hartu dute parte.
9:30ean hasi da elkartasunaren jaialdia. Hiru kantxa ezberdinetan jokatu dituzte haurrek partidak: Urdaneta ikastetxean, Jakintza Ikastolan eta Majori Kiroldegiaren alboko kuboan. Eguerdian, Beti Alai pilotalekuan bazkaldu dute kirolari guztiek batera, eta 15:30ean ekin diete arratsaldeko partidei. 20:00ean emango diote amaiera ekimenari.
Gaurkoan garrantzitsuena parte hartzea denez, epaileek ez dute emaitzarik hartu, irabazle bakarra minbizia duten haurren gurasoen elkartea izan dadin. Horrez gain, elkarteko kideek informazio mahai bat ere jarri dute Majorin eta bertan pultserak jarri dituzte salgai.