Gaztetxean mendiari buruzko hitzaldiak egiten ari dira legazpiar mendizaleak astean zehar. Igoerako izen-ematea egunean bertan egin behar da
Aurtengoa Korostiko Igoera bertikalaren laugarren ekitaldia da eta iazkoaren modura egingo dutela adierazi du Legazpiko Gazte Asanbladako kide Ane Alberdik: «Bikoteka izango da eta sailkapenik ez da egongo».
Lehen urtez antolatu zutenean Legazpi kanpoko jendeak irabazi zuen, eta bertakoen parte hartzea ez zen oso handia izan. Asanbladakoek igoera herrikoiagoa egiteko moduak aztertu zituzten, eta lehiakortasuna alde batera utzita, sailkapenik zein garaikurrik gabeko lasterketa bat izatea erabaki zuten, baita dortsalak bikoteka banatuko zituztela ere. «Bakarrik egiteko eskaerak jaso ditugu eta onartu ere bai; iaz ama batek bere bi umeekin egin zuen korrika». Emaitza da iazkoan 35 bat bikotek parte hartu zutela, «gazte pilo bat, anaia-arrebak, bikotekideak, lagunak… Polita izan zen».
Aurten, lasterketa ondorengo mokadua gaztetxean izango da 13:00etan, eta 13:30ean jaietako txupinazoa eta Kolokoiaren jaitsiera egingo dituzte. «Legazpiarrontzat Korosti gure mendia da», erantsi du Alberdik.
Mendi Astea egiten ari dira bien bitartean Legazpiko Gaztetxean. Hizlari guztiak legazpiarrak dira. Herenegun Xabier Plazaola Peruko Mendilerro Zurian barrena egindako bidaiaz aritu zen 25 bat lagunen aurrean. Atzo, Beñat Azpiazuk mendi bizikletan egindako hainbat bidaiaz hitz egin zuen: Sierra Nevada (Granada), Dolomitak (Alpeak), Atlas (Maroko) eta abar. Gaur ez dago saiorik eta bihar Berrocoso anaiek eskaladari buruzko saioa egingo dute, 19:30ean. Etzi, Pirinioetan bakarrik egindako bidaiaz ariko da Julen Ugarte, eta Ander Ibarguren eta Aritz Canterok Alpeetako abenturak kontatuko dituzte.