LAB sindikatuak Maiatzaren Lehenaren inguruan antolatutako mobilizazioak aurkeztu ditu. Eskualdeko mailako manifestazioa Ordizian izango da, 12:00etan hasita
Maiatzaren Lehenean, langileriak kaleak hartuko ditu. LAB sindikatuak Ordizian aurkeztu zituen atzo egun horretarako antolatu dituen mobilizazioak. Goierri mailako manifestazioa Ordizian izango da, 12:00etan hasita, eta herritar guztiei dei egin diete mobilizazioetan parte hartzeko.
LABeko ordezkariek adierazi dutenez, «eredu ekonomiko eta sozialaren helburu nagusiak herritar guztion lan eta bizi duina bermatzea izan behar du». Hala ere, «errealitateak erakusten duen moduan, kapitalak prekarietatea inposatu eta zabaltzen ditu, bai lanean eta baita bizitzan ere, eta horixe da, Espainiako eta Frantziako estatuek egiten dutena ere, euskal herritarrok kaltetuz». Hamarkadetan lortutakoak «kolokan jartzen» dituztela salatu dute, eta «zerbitzu publikoak murrizten, zaintza lanak emakumeei egozten, pentsio sistema publikoa sakeatzen eta sindikalgintza indargabetzen saiatzen» ari direla.Horregatik, Maiatzaren Lehenean kalera ateratzeko deia egin dute.
Lan, bizi eta herri duinak
LABeko ordezkariek «panorama beltza» dela nabarmendu dute, baina adierazi dutenez, «euskal herritarrok honi aurre egiteko adorea ere badugu». «Pentsio duinen mobilizazio jendetsuak eta martxoaren 8ko greba feministaren arrakastak hala erakusten dute», gogorarazi dute.
Bide horretan, ondorengoak dira LAB sindikatuaren helburuak: «Lan duina, ekintza sindikalaren bidez, prekarietatearen aurka eta enpleguaren defentsan; bizi duina, Euskal Herriko instituzioen erantzukizuna delako lan eta bizi baldintza duinak bermatzea; eta herri duina, erabakitzeko eskubidea eta burujabetza behar ditugulako».
Neurriak hartzeko beharra
Gaur-gaurkoz langileek bizi duten egoerarekin kezkatuta, eta «patronala eta instituzioak neurriak hartzera behartzeko», Lan Osasunaren Nazioarteko Egunean, apirilaren 27an, ostiralean, mobilizazioak antolatu dituzte Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan.
Donostiako deialdia 11:30ean izango da, Bilbao plazan. Bertan, iaz, Gipuzkoan hildako 15 langileak oroituko dituzte eta «langileen aurkako indarkeria patronalarekin amaitzeko exijituko» dute. Izan ere, «lanera joan bai, baina langileek etxera bizirik edo osasuntsu itzuliko diren bermerik ez» dutela ere salatu dute.
Goierrin iaz hildako bi langileak ere oroituko dituzte LABeko ordezkariek. Urretxun, eraikuntzako langile bat hil zen, eta Zaldibian, Telefonikako azpi-kontrata bateko langile bat. Horregatik, ostiralean, hilak 27, mobilizazioak antolatu dituzte, Urretxun eta Beasainen. Ostiralean, 09:00etan, bi herri horietako egoitzetan biltzeko deia egin dute.