Urretxuko igerilekua, inoiz baino erosoagoa
Urretxuko Udala igerilekua berritzen ari da. Putzu handia txikitu du, txikia handira gerturatu du eta eskailerak berritu ditu. Ekainaren 9an irekiko dute, eta inoiz baino toki gehiago egongo da etzateko.Urretxuko igerilekua paraje eder batean kokatua d...
Urretxuko Udala igerilekua berritzen ari da. Putzu handia txikitu du, txikia handira gerturatu du eta eskailerak berritu ditu. Ekainaren 9an irekiko dute, eta inoiz baino toki gehiago egongo da etzateko.
Urretxuko igerilekua paraje eder batean kokatua dago, baina zaharkitua zegoen eta ur asko galtzen zuen. Udalak aldundiari diru-laguntza eskatu zion eta laguntza horrekin instalazioak berritzen ari dira.Putzu handia txikitu egin dute, haurren igerilekua handiaren ondora eraman dute, eta eskailerak eta makineria berritu egin dituzte. Berrikuntzei esker ur asko aurreztuko da eta putzuen ondoan etzateko toki gehiago egongo da. Igerilekua ekainaren 9an irekiko dute. Askoz ere erosoagoa eta seguruagoa izango da erabiltzaileentzat eta langileentzat.
Jon Luqui alkateak eta Igor Zubillaga eta Jon Albisua zinegotziek obra bisitatu eta lanen berri eman dute. Obra otsailean amaitu nahi zuten, baina negua gogorra izan da eta lanak asko moteldu ditu. Dena den, garaiz irekiko dute.
Putzu zaharrak 1.050 metro koadro zituen eta berriak 600 inguru. «Igerilekua lehen baino askoz ere hobeto aprobetxatuko dugu eta ur gutxiago gastatuko dugu. Izan ere, lehengoa betetzeko askoz ere ur gehiago behar zen, handiagoa zelako eta sakonera handiagoa zuelako. Sakonera hori dela eta, erdialdea ez zuen inork erabiltzen».
Igerilekua txikitzeari esker, haurren putzua handiaren ondoan jarri ahal izan da eta igerilekuen ondoan etzateko toki lau gehiago dago. 200-300 metro koadro gehiago. «Haurren igerilekua handiaren ondoan dagoenez, sorosle gutxiago behar izango ditugu eta gurasoek errazago zaindu ahal izango dituzte beraien seme-alabak».
Bestalde, Antzuolakoen moduko ur-zurrustak jarri dituzte. Gainera, mugikortasun arazoak dituztenek uretan sartzeko aukera edukiko dute.
Igerilekuak 30 urte beteko ditu aurki, baina egiten ari diren obrei esker, bere bizi iraupena asko luzatu da. Gainera, udalak erabiltzaileen iradokizunak kontuan izango dituztela esan du alkateak. «Eguraldiak laguntzen badu, berrikuntzei esker, jende asko etorriko da. Iaz aurreko urtean baino 4.000 pertsona gehiago etorri ziren, egun askotan eguraldi kaxkarra egin zuen arren».
Urretxuko Udalak sei pertsona kontratatuko ditu igerilekuan lan egiteko. Horietako hiruk harreran lan egingo dute eta beste hiru sorosleak izango dira. Guztiek %77ko lan jardunaldian arituko dira.
Ekainaren 9tik irailaren 9ra bitartean lan egingo dute bertan. Eskaerak udaletxean aurkeztu behar dira, maiatzaren 10eko 14:00ak baino lehen. Deialdiaren oinarriak eta eskaera-orria urretxu.eus webgunean edota udaletxean jaso daitezke.