Alkateak ez du bete udalbatzaren erabakia
GUTUNA - Mila Sukia (Ordizia Orain)
Ordiziako Udalak 2018ko martxoaren 22an egindako osoko bilkuran, aho batez onartu zuen Ordizia Orain alderdiak proposatutako mozioa, zenbait aurrekari azaldu ostean, apirilaren 13an eta 14an udaletxeko balkoian bandera errepublikanoa jartzea eskatzen zuena. Hori horrela, bandera jarriko zela adostu zen. Alabaina, hilaren 13an, alkate jaunak? Hari baitagokio osoko bilkuraren erabakiak gauzatzea?, ez zuen bandera jartzeko agindurik eman, eta, beraz, ez zen erabakia bete. Horregatik, apirilaren 14an, larunbatarekin, guk jarri genuen bandera udaletxeko balkoian, ikurrinarekin batera.
Baina ez genuen guk kendu. Igandean, Alkate jaunak, ‘made in José Miguel Santamaria’ eran bete-betean, ikurrina eta bandera errepublikanoa kentzeko agindua eman zuen, azken hori espainoltzat jota.
Non dago errepublikaren alde borrokatu zuen pertsona guztienganako errespetua, EAJko militanteenganakoa barne? Haiek guztiak espainoltzat jotzen al ditu? Zergatik uste du jarri genituela bi banderak? Ezin da behar bezala lan egin bere taldeak aldeko botoa eman ostean osoko bilkuraren erabakiak bete ere egiten ez dituen pertsona batekin. Egoera hori behin eta berriz errepikatzen da, eta gaiak lantzen jarraitzeko erabakiak adostea eragozten digu. Alkatearen jarrera zuri hori da egungo egoeraren oinarria, eta ez oposizioaren jarrera.
Bandera errepublikanoa igotzeko erabakiaren inguruko ez-betetzea beste hainbaten arteko bat gehiago besterik ez da, eta asko izan dira jada. Gainera, egoera are larriagoa da, Udaleko zinegotzi guztiek erabakia aho batez onartu zutela kontuan hartuta.
Mozio honen aldeko botoa eman ostean, ez bazuen bete, pentsa zer egingo duen bera ados egon gabe gehiengoak onartzen dituenekin.
– Mila Sukia (Ordizia Orain)