Hiri Hezitzaileen inguruko jardunaldiak antolatu dituzte Ordizian
Marina Canals, Albert Soler eta Jordi Collet adituak gonbidatu dituzte Hiri Hezitzaileen jardunaldietara. Atzo egin zuten lehenengo saioa, gaur bigarrena egingo dute Barrena jauregianOrdizia Hiri Hezitzailea egitasmoaren inguruko jardunaldiak jarri dit...
Marina Canals, Albert Soler eta Jordi Collet adituak gonbidatu dituzte Hiri Hezitzaileen jardunaldietara. Atzo egin zuten lehenengo saioa, gaur bigarrena egingo dute Barrena jauregian
Ordizia Hiri Hezitzailea egitasmoaren inguruko jardunaldiak jarri dituzte abian aste honetan bertan Ordizian. Atzo egin zuten lehenengo saioa eta gaur izango da bigarrena. Jose Miguel Santamaria alkateak, Joseba Aranburu kultura zinegotziak eta Eritz Perlines koordinatzaileak eman dute ekimenaren berri.Hiri Hezitzailearen eraikuntza: aukerak eta erronkak lemapean egin zuten atzo lehenengo lan saioa, udaletxeko areto nagusian. eta herritar guztiei irekia izan zen. Bigarren saioa gaur izango da eta udal politiko eta teknikoeit zuzendua dago. Ordiziako Barrena jauregiko ekitaldi aretoan bilduko dira eta Hiri Hezitzailea: Gobernantza berri bat izango dute hizpide.
Beste batzuen artean, hizlari hauek gonbidatu dituzte jardunaldira: Marina Canals (Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Elkarteko Idazkari Nagusia), Albert Soler (Granollerseko udaletxeko Pertsonen Zerbitzurako Nagusia), Jordi Collet (Hezkuntza Soziologiako irakaslea Vic-eko Unibertsitatean).
2014an, Ordizia, Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Elkarteko kide egin zen. Horrek, Hiri Hezitzaileen gutunaren bide orrian ezartzen diren oinarriak sustatzeko eta betetzeko tokiko gobernuaren eta Ordiziako jendartearen konpromisoaren hasiera ekarri zuen.
Oinarri horien artean, heziketa eskolatik eta familietatik harago zabaltzea nabarmentzen da. Horrela, eragile hezitzaile bezala, berebiziko garrantzia hartzen dute erakundeek, elkarteek, talde informalek eta, oro har, jendarteak. Ordizia Hiri Hezitzaileak belaunaldien arteko harremanak sustatzea du helburu eta Heziketak ez dauka adinik premisari jarraituz, adin desberdinetako taldeekin jarduera hezitzaileak egin nahi ditu.
Helburu nagusiak
Herritarren parte hartzea sustatzea edota espazio publikoen erabilera egokia egitea, funtsezko elementuak dira herri baten funtzionamendu egokian. Baita familiak heztea edota herriko talde desberdinetako ordezkariez osatutako batzorde eta erakundeak sortzea ere.
Hiri Hezitzaile proiektuaren barnean dagoen talde eragilearen ideia izan da jardunaldia antolatzea. Udal gobernuak adierazi duenez, «iaz eraturiko talde eragilea oso inplikatuta dago proiektuarekin, eta jardunaldi honen eraketaren islada da hori».
Hiri Hezitzaile proiektuaren sozializazioa egiteko asmoz antolatu dute jardunaldia, eta herritarren eta hiriaren inplikazio handiagoa lortzeko asmoa du. «Proiektu honetan gizartearen parte hartzea beharrezkoa» dela nabarmendu dute eta «proiektu honi aurrera pausoa emateko asmoarekin» egin dela ere esan dute.