Lazkaon festa aurrekoan piztu bazen, zubi-asteburu luze honetan egingo du leher. Umeen eguna igandea izango da, eta kuadrillena astelehena. Sei egunean 45 ekitaldi izango dira, gaur lehenak
Bihartik asteartera bitartean, Lazkaon San Prudentzio jaiak ospatuko dituzte. Bigarren ekinaldia da, egitarau oparoenekoa. San Prudentzio eguna larunbatean da, umeena igandean, eta kuadrillena astelehenean.
Gaur berpiztuko da festa-giroa, ordea. Asteroko pintxo-poteoa girotuagoa izango da. Maizpide euskaltegiaren 30. urteko egitaraua kantu-jirarekin bukatuko dute. Herritarrekin batera ospatzeko aitzakia izango da. Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldeak joko du musika.
Lazkaoko Gazte Asanbladak ere gaurko aurreratu du patata-tortilla txapelketa. 17:00etan hasiko da, plazan. Osagaiak antolakuntzak emango dizkie partaideei, baina zartagia eta tresnak norberak eraman behar ditu. Amebi jatetxean lau lagunentzat afaria dago saritzat.
Kros mistoa, jendetsua
Korrikarako sukarra sendatzeko, hirugarren urtez Bikoteen Kros Mistoa izango da botika Lazkaon. Bihar gauean jokatuko da, 20:00etan haurrena eta 21:00etan helduena (16 urtetik gora). Binaka egin behar da, eta emakumezko eta gizonezko banak osatu behar dute bikotea.
Izen-ematea doan da. Zirkuitua kalean egokitu dute, 5 bat kilometrokoa. Lehen bost bikote sailkatuek diru-sariak dituzte: 150 euro, 100, 75, 50 eta 50. Seitik hamarrera, opariak. Herriko lehen bi bikoteak ere sarituko dituzte, 75 eta 50 eurorekin. Laz-kaon elkarteko dendetako 150 euroko bonua zozkatuko dute.
Kantakaren kantaldia jaian
Kantaka abesbatzak ere bere aletxoa erantsiko die festei. Igandeko mezan (12:00, San Migel elizan) kantatuko du, eta ondoren kontzertua egingo dute. Bederatzi pieza abestuko dituzte.
Kultura gaiekin segiz, 38. aldia izango du dantza solteko txapelketak. Ohi bezala, festen agur gisa antolatu du Oin-Arinek, astearte arratsalderako. Jesus Mari Garate dantzari-maisu ordiziarra omenduko dute, orain gutxi hil baitzen. Haren familiakoei Agurra dantzatu eta oroigarria emango diete.
Bakailao lehiaketa eta sardina jana; igeriketa, ziklismoa eta pilota dira beste gozagai batzuk. Musika arloan, Drindots, Nogen, Itziarren Semeak, Ezinke, Kop, Alerta Gorria, edo Oihan Vega eta Bull DJak dira eskaintza batzuk. Pasarela orkestra, mariatxiak, txaranga eta txistulariak ahaztu gabe. Umeek play-backa ere badute, baita puzgarriak eta pailazoen ikuskizunak ere.
Urtero bezala, Egursport enpresaren Urrezko Aizkolarien txapelketako saio bat ere jokatuko da, maiatzaren lehenean. 7. jardunaldia izango da. Arkaitz Jauregi beasaindar-ilarduiarra, Jon Rodriguez, Julen Alberdi
Txikia IV.a eta Xabier Zaldua zumarragarra lehiatuko dira.
OHARRAK:
Zapia. Lazkaon merkatari elkarteak lepoko zapi horia atera du, jaietarako. Bazkide diren komertzioetan ari dira banatzen. Udalak eta Txosna Batzordeak ere badituzte eurenak.
Errifa. Gazte asanbladak saski eder bat zozkatuko du, maiatzaren 1ean. Elikagaiz eta edariz beteriko otarra da (Gazi-Gozon dago). Errifak saltzen ari da.
Erdigunea itxita. Hiribarren eta Elosegi kaleak itxita egongo dira asteburuan zirkulaziorako. Maizpide atzeko kale berriak ahalbidetu du erdigune osoa oinezkoentzat uztea. Aurreko asteburuan ere hala egon zen.
Kiroldegia. Larunbatean eta asteartean itxita egongo da Joxemiel Barandiaran Kiroldegia. Igandean 09:00-13:30 eta astelehenean 07:00-13:30 artean egongo da. Ordiziako Majori erabil daiteke, itxita dagoen garaian.