Niretzat trauma bat izan zen basoa soilduta ikustea; orduan etorri zitzaidan ipuina idazteko ideia
‘Haritz zahar baten heriotza’ liburua kaleratu du Migel Angel Mintegik. Duela 50 bat urte idatzitako eta 1987. urtean Donostia Hiria Ipuin Lehiaketa irabazi zuen ipuinaren moldaketa da.
Liburu guztiak izango dira bereziak idazle batentzat, baina Haritz zahar baten historia ez da gutxiagorako.
Bai, orain dela 50 bat urte idatzi eta duela bi urte moldatutako ipuin bat da. 1987. urtean Donostia Hiria Ipuin Lehiaketa irabazi nuen ipuin horrekin. Baina argitaratu gabe gelditu zen eta idazle batentzat lan bat argitaratu gabe uztea… Beti izan dut har bat sartuta. Duela bi urte pentsatu nuen, sei-zazpi orrialde zituen ipuina moldatzea eta luzatzea. Eta orain argitaratu dugu.
Urte asko pasa dira. Gaiak gaurkotasunik ez du galdu?
Ez, batere ez. Ataun eta Zaldibia artean dagoen Intsustiko iturriaren inguruarekin du lotura istorioak. Ni gaztea nintzela, duela 50 bat urte, Intsusti alde horretan pagadi eta harizti ederrak zeuden eta dena botatzen ikusi nuen. Niretzat trauma txiki bat izan zen basoa soilduta ikustea eta orduan etorri zitzaidan ipuina idazteko ideia. Duela 50 urte nire euskara oso justua zen, eta gazteleraz idatzi nuen.
Baina liburua euskaraz dago.
Bai, gaztetan euskara berreskuratu nuen, Lazkaon alfabetatu nintzen, eta 1987an ipuin honekin Donostia Hiria irabazi nuen.
Zure idazle ibilbidearen hasiera hura izan zela esan daiteke?
Bai. Idazteko ilusioa baneukan, baina idazle izatea urruti ikusten nuen. Sari hark erakutsi zidan zerbait banuela. Zoritxarrez, argazki polita atera eta dirua eman bai, baina horretan geratu zen.
Luzatzeaz gain, ipuina bera asko aldatu duzu?
Idazkera arindu dut, paragrafo eta esaldi laburrak sartu ditut, baina ideia bera da. Animali-txoen artean elkarrizketak, haritzaren ideiak luzatu… baina ideia orain dela 50 urteko bera da.
Gazteen sailean argitaratu dute.
Ez nekien non kokatu. Ipuin lehiaketa suposatzen da helduentzako zela, baina azkenean, gazteentzako generoan sartu du Alai argitaletxeak, baina orokorra dela esango nuke.
Gustura emaitzarekin?
Azkenean ikusi du argia. Ipuin honekin lehenengo aldiz egin nuen topo literatura serioarekin, eta argitaratu gabe izateak pena ematen zidan. Idazle batentzat saririk handiena, jendearengana ailegatzea da.
Abenduan beste liburu bat ere aurkeztu zenuen, ‘June eta meategiko iheslariak’.
Ni idazlea gehiago naiz afizioz, ofizioz baino. Lan asko hasi eta utzi egiten ditut… lan batzuk jarraian atera eta gero ez.
June eta meategiko iheslariak gazteentzako dago idatzita, 14-16 urte artekoentzat. Intriga dago, gazteen arteko hartu- emanak…
Helduentzat idazteko asmorik ba al duzu?
Helduentzako lan batekin nabil baina ez dakit zer aterako den. Donostia Hiria sariaren ondoren, Aipamen berezi bat jaso nuen
Baztango etxean ipuin batekin; baina hura ere argitaratu gabe geratu zen. Pasada bat eman eta luzatu egin dut, bi istorioekin bat eginez. Ez dakit nola geldituko den eta zer aterako den.
Nazioarteko Liburuaren Eguna pasa berria da. Zein egoeratan ikusten duzu euskal literatura?
Erdarara jotzen dugu; batzuk, kosta egiten zaielako, beste batzuk, erosotasunagatik edo erosokeriagatik. Durangoko Azokan Toti Martinez de Lezearen ondoan nengoen estandean eta euskaraz eta gazteleraz idatzitako liburuaren artean jendeak gaztelerazkoa erosten zuen; baita euskaldun-euskaldunek ere. Joera hori aldatu behar da. Gutxi irakurtzen dutela gazteek… Baina helduek, gurasoek, zer egiten dute?