Txirringak hitzordu asko
Urretxun, Idiazabalen eta Lazkaon txirrindulari proba bana jokatu dute, larunbatean hasi eta atzora arte. Lazkaokoak 75. edizioa bete du. Gaur Santikutz Klasika jokatuko da LegazpinErrepideko txirrindularitzaren denboraldia bete-betean da eta asteburu...
Urretxun, Idiazabalen eta Lazkaon txirrindulari proba bana jokatu dute, larunbatean hasi eta atzora arte. Lazkaokoak 75. edizioa bete du. Gaur Santikutz Klasika jokatuko da Legazpin
Errepideko txirrindularitzaren denboraldia bete-betean da eta asteburu luze honetan Goierriko zaleek hiru proba izan dituzte aukeran Urretxun, Idiazabalen eta Lazkaon; gaur Legazpiko Klasika da jokoan.Atzo 75. Lazkao Txirrindulari Proba jokatu zen, elite mailako eta 23 urtez azpiko 134 txirrindulariren parte hartzearekin. Ampo-Goierriko Txirrindularitza Bultzatuz taldeko Unai Iribar izan zen lehena, sprintean Marti Marquez (Lizarte) eta Petr Rikunov (Caja Rural) irabazi eta gero. Taldekako saria Lizarterentzat izan zen eta mendikoa, Ampoko Unai Cuadradorentzat. Tropelak 124 kilometro egin zituen.
Larunbat arratsaldean kadete mailako Amelio Mendijurren omenezko proba jokatu zen Urretxun, Goierri Kirol Elkarteak antolatuta. 147 txirrindularik parte hartu zuten eta Aralar taldeko Igor Arrieta uhartearrak irabazi zuen; bigarrena Aimar Etxeberria eta hirugarrena Asier Pozo izan ziren.
Igande arratsaldean Idiazabal Saria jokatu zen Idiazabalen. Lehen edizioa zuen jubenil mailako lasterketa Limu taldeko Iñaki Muruak irabazi zuen; atzetik Iñigo Colina eta Julen Otero ziren. 83 kilometroko proban 120 txirrindularik parte hartu zuten. Ampok irabazi zuen taldeka.
Espainiako Kopa Legazpin
Asteburu luze honetako hitzordurik garrantzitsuena gaur da. Ampo, Eibar Energia Hiria Debabarrena eta Grupo Eulen talde gipuzkoarrak bertan direla, 09:30ean abiatuko da Kale Nagusitik Legazpiko 85. Santikutz Klasika. Elite eta 23 urtez azpiko txirrindulariak lehiatuko dira, 24 taldetan banatuta, Espainiako Koparako baliagarri den 150 kilometroko proba honetan. Aurten aldaketak daude ibilbidean eta Azpeitiko pasoaren ordez, Azkarate igoko dute. Kirtenberg saria ere jarri dute berriz, Mantxolako aldapa lehenengo igotzen duenarentzat. Helmugaratzea 13:30ean espero dute.
Hurrengo asteburuan ere izango da txirrindularitza Goierrin. Igandean Seguran junior mailako Santikutz proba jokatuko da 6:00etan hasita.