Ampo Ordizia lehiarako prest
Ampo Ordiziak ligako borrokan segitzen du, orain, play offetan. Igandean final-laurdenetako partida du Senor Independienteren aurka Santanderren. Kanporaketa partida bakarrera da.
Aldaketek eragina dute Entrenatzailearen iritziz, bigarren itzulia izan da gakoa. Jarritako helburuak betetzeaz gain, bi partidetan besterik ez du huts egin Ampo Ordiziak. Ligako lehen bi sailkatuen aurka soilik galdu dute ordiziarrek, bakarra berdindu eta gainontzeko partidetan garaipenaz gain, bonuseko puntuak ere batu dituzte. Denboraldi amaieran «lanak txukun biribiltzea» lortu dutela dio Imanol Aldanondo jokalariak. Nekea ez nabaritzeraz gain, «aldagela fisikoki ondo eta gogo izugarriarekin» dela dio idiazabaldarrak. Taldea ilusioz ikusten du Aldanondok, kanporaketetan aurrera egiteko aukerak «energia eta indarra» ematen dietela adieraziz. Puntuetan markak hautsiz Ampo Ordiziaren historian puntu gehien 72pilatu dituen denboraldia izan da 2017/2018koa. Liga erregularrean talde gehiagok lehiatzeak eragina duela dio Marotiasek, baina eginiko denboraldia «txapela kentzekoa» izan dela nabarmendu du. Emaitzek laguntzen dutenean, egoera beste ikuspuntu batetik begiratzen dela aitortu du entrenatzaileak, ondo eginak azaleratuz eta akatsak konpontzeko indarra hartuz. Jokalari berriak ere batu dira denboraldian zehar, eta horren ondorioz, «erritmoa hartzea kostatu» zaiela dio Aldanondok. Elkar ezagutzen joan diren heinean, taldeak norabide egokia hartu duela esan du Ampoko erdilariak. Altamirak ihes egin die Liga laugarren postuan amaitzeko aukera izan du Ampo Ordiziak. Horrela amaitu balute, kanporaketa etxean, Altamiran, lehiatuko lukete. Azken jardunaldira horretarako aukerekin iritsi arren, aurkariek ere etxeko lanak egin zituzten. Jokalariek ere argi zuten etxean jokatzearen abantaila, Imanol Aldanondok esan bezala: «Etxean eta hemengo zaletuen aurrean jokatzea gustatuko litzaiguke. Aurkarien partida taldekideok elkarrekin ikusi genuen, baina ezin izan zen laugarren postua lortu». Altamiran jokatuko ez bada ere, zaleen babesa eskertuko dute Ampo Ordiziako jokalariek. Bidaia antolatzen ari da jada kluba, autobus zerbitzua jarriz. Zaletuek info@ordiziarugby.eus helbidean dute aukera informazio gehiago eskuratzeko. Kanporaketa lehiatua Denboraldi honetan ligako bi partidetan gailendu da Ordiziako taldea, markagailu estuarekin amaitu arren. Senor Independientek Altamira bisitatu zuenean 27-26 gailendu ziren Ampokoak, eta Santanderren ere nagusitu egin ziren ( 36-37). Aurkariaren ibilbidea gehiago aztertu dutela adierazi du Marotiasek. Kanporaketa bakarra izanik, «xehetasun orok» duela garrantzia dio entrenatzaileak, «norbere indarguneak baliatuz, detaile txikiek» erabakiko dutela kanporaketa. Aldanondok partida gogorra espero du asteburukoa. Norgehiagoka guztian zehar markagailu parekatua izango delakoan da erdilaria, eta litekeena dela azken unean erabakitzea lehia. 38 jokalari aritu dira Lehen taldean aniztasuna da nagusi. Bertako jokalariak oinarri hartuta, atzerritarrekin osatzen dute lan taldea. Zazpi jokalari profesional ditu Ordiziako taldeak eta gainontzeko guztiak etxeko jokalariak dira. 38 izan dira aurten Ohorezko Mailan lehiatu diren jokalariak. Ampo Ordiziak duen metodologia eredugarritzat jo du entrenatzaileak: «Bertako eta kanpoko jokalariak batzeak ondo funtzionatzen duela erakutsi da. Kanpotik etortzen direnek jokoan eta eguneroko lanean laguntzen dute; eta etxekoen lana nahiz sentimendua ere ezinbestekoa da». Aldagelan, jokalariek zein entrenatzaileek «gogoa eta ilusioa» dute igandekoaz hitz egiterakoan, kanporaketa gainditzeko gai direla sinestuta baitaude.“Orain arteko lanari esker iritsi gara hona eta berdin jarraituko dugu lanean”
Iñigo Marotias (entrenatzailea)“Partida orekatua eta gogorra izango da. Azken unean erabaki liteke kanporaketa”
Imanol Aldanondo (jokalaria)