Bihar kantuan ariko dira Musika Eskolako ikasleak eta irakasleak herritarrekin batera. Goierriko eta Gipuzkoako hamar talde eta 450 dantzari elkartuko dira etzi
Loinatz jaien atariko diren bi kultur ekitaldi izango dira asteburuan Beasainen. Batetik, bihar, Loinatz Musika Eskolak kantuan jarriko ditu herritarrak; igandean, berriz, Aurtzakak, hamar dantza talde gonbidatuko ditu Dantzari Txiki egunera; tartean izango dira herriko Ostadar eta Aurtzaka.
Bihar, 19:30ean, hasiko da XVI. Kantaldia Gernika pasealekuko pilotalekuan. Euskal abestiak eta euskara plazatzeko sortu zuen Musika Eskolako Kantaldia, «abesteko ohitura indartuz eta adin guztietako herritarrak giro bera elkarbanatuz». Honela, musika eskolako irakasleek musika jo eta Loinaz Abesbatza, Asmube, Musika Eskolako gaztetxoak, Euskaltegia, Erretiratuen Abesbatza, San Martin Parrokiako Abesbatza, Kantu Jira taldea, Ostadar eta Aurtzaka dantza taldeak ariko dira kantuan. Aurten, Oskorri musika taldea izango da protagonistetako bat, eta 16 kantuetatik 8 Oskorrirenak izango dira. Aurtengo ekitaldian, gonbidatu bereziak izango dira gainera: bihar Gure Esku Dagok Kataluniako San Vicenç del Hors herriko Castellersakin batera antolatutako egunaren barruan, kantaldian parte hartuko dute (19:30)
Agure Zahar batek zioen eta
L’Estaca abestiak elkarrekin abestuz.
Pilotalekuan taberna jarriko dute Beasain BHIko 2. mailako ikasleek, ikasbidaiarako dirua lortzeko.
Igandea dantzan
Igandea, berriz, euskal dantzak eta dantzari txikiak izango dira protagonista. Amets Bide (Ordizia), Ereintza (Errenteria), Haurtzaro (Oiartzun), Iztueta (Zaldibia), Lurra (Urretxu), Oin-Arin (Lazkao), Ostadar (Beasain), Tobera (Zegama), Txori-Txiki (Zumaia) eta Aurtzaka (Beasain) taldeetako 450 dantzari inguruk dantzaz jantziko dituzte Beasaingo kaleak.
10:45ean, Dolarea parkean elkartuko dira talde guztietako dantzariak (eguraldi txarra bada, Murumendi ikastetxean). Ondoren, 11:30ean, kalejira eta dantza emanaldiak egingo dituzte kaleetan geldialdiak eginez. Goizeko jarduna Loinazko San Martin plazan bukatuko da: 13:15ean, dantza talde guztiek elkarrekin dantzatuko dute. Bazkalondoren, 16:30ean, Modestorekin dantzaldia izango dute Gernika pasealekuko pilotalekuan.