Tellatuberri Zaldibi areto futbol taldea desegitera doa. Etxeko azken partida aurrekoan jokatu zuen, eta historiaren bukaera Orion izango du, zapatuan. Hogei urte egin ditu mutilen taldeak
Zaldibiako gizonezko helduen areto futboleko Tellatuberri Zaldibi taldeak asteburuan jokatuko du azkeneko partida. Taldea desegitera doaz, eta ez du jarraituko hurrengo denboraldian. Hogei urteko ibilbideari azken puntua jarriko dio hala. Gaur egun, herriko taldeko kirol bakarra da areto futbola.
Uzteko arrazoia, errelebo falta da. «Jokalari askok aurten utziko dute areto futbola, lauzpabost lagunek. Eta ez dago haiek ordezkatzeko jenderik, atzetik», azaldu du taldeari urte asko lotuta egondako Jon Ordozgoiti entrenatzaile ohiak. Belaunaldi bat eta ziklo bat bukatu dira.
Senior mutilen taldeaz gain, gaur egun ez dago besterik Zaldibian. Aitzindariak neskak izan ziren, 1995ean haiek sortu baitzuten areto futboleko lehen taldea. Mutilena 1989-99an hasi zen, kanpoan futbolean zebiltzan zaldibiarrak itzulitakoan.
Materiala gordeko dute
Tellatuberri Zaldibi bereiztu duen ekipamendu hori-beltza, kirol arropak eta futbolerako materiala jaso egingo dituzte, oraingo jokalariek. Haiek utziko dute, baina ereindako hazia ureztatzen segiko dute pixka batean, erabat ihartu ez dadin. «Bi-hiru urte barru edo, inork areto futbolean hasi nahiko balu, hor izango ditu. Laguntza izango du gure partetik».
Hamar-bat jokalari ibili dira azken denboraldian, Gipuzkoako 1. Mailan. Liga itxuroso bukatuko dute. Azken neurketaren faltan, 10. dago Tellatuberri, 7 partida irabazita, 7 berdinduta eta 11 galduta. 74 gol sartu ditu, eta 80 sartu dizkiote.
Agurreko partida larunbatean Orion jokatuko dute, Alustiza Autobusak taldearen aurka. Restiko azkena aurreko zapatuan izan zuten. 2 eta 5 galdu zuen Iurre Taberna-Tolargi talde tolosarraren aurka.