Bertakoa ez ezik, kanpoko jende asko bildu da aste honetako azokan. Poliki-poliki ari da udaberriko barazkien eskaintza nagusitzen, baita frutarena ere fruta saltzaileen postuetan.
Plazara sartu orduko Garbiñe Barandiaran gasteiztarrak garai honetan jarri ohi duen postua ikus zitekeen atzo, ziza ugaritzen ari deneko seinale. Orain arte Mikel Lasaren postuan eta mahaiz mahai bakoitzak bildutakoak izan dira. Ez da, hala ere, kopuruz urte ona gertatzen ari. Lasak adierazi digunez, «Europa ekialdetik ekarri ohi da dezente eta aurten han bero kolperen batek emaria murriztu du, beraz beste urte batzuetan baino gutxiago dago. Eta hemen jendea ari da biltzen, erosi beharrik ez dute horiek». Guztira 140 kilo eskaintzen ziren, 34-60 euro artean kiloa. Onddoak ere bai, Zamora ingurutik ekarritako 30 kilo, 35 euroan kiloa.
Aire libreko ilarra eta baba
Baliarraingo Irabiazpiko Edurne Jauregik ekarri ditu aire libreko lehen ilarrak (13 euroan kiloa) eta Zaldibiako Usurburuko Axun Etxeberriak babak (5 euroan). Orain artekoak negutegi-koak izan dira.
Marrubiak ere baziren aukeran, kiloa 6 euroan, Aramako Iturriotzkoak. Hasi dira pixkanaka udaberrikoak neguko barazki eta frutei lekua hartzen.
Landare saltzaileek poliki
Nahiko luketen bezain bizi ez dira ari lanean landare saltzail-eak. Lurra hotza dago, eguraldia ez da egonkortzen eta jendea zuhurtasunez jokatzen ari da, bakanka-bakanka erosten ditu landareak. Tomateak, piperrak eta tipulak dira gehien saltzen direnak.
Nafarroako orburuen sasoia bukatzen ari da eta bete-betean da zainzuriena. Atzo propio jarritako postua Jose Luis Amatrianen ardurapean izan zen.
Kanpotik ekartzen dituzten produktuen artean, berriz, fruta eskaintza handitzen ari da: atzo gerezia, muxika, albertxikoa, brinoia, angurria… aukeran.
Bisitari bereziak
Gipuzkoako turismo bulegoak antolatuta, baliabide turistikoetako hainbat ordezkari izan ziren bisitan D’elikatuz zentrotik abiatuta. Euren bezeroen artean Gipuzkoa barneko eskaintza sustatzeko helburuarekin, besteak beste, feria ezagutu zuten bertatik bertara foru aldundiko Turismo zuzendari Maite Cruzadok eta Denis Itsaso foru diputatuak. Bisitari bereziak, beraz, bisitari gehiago ekartzeko xedez.
Bestalde, Pragako ikasle gazteen talde bat ere bazebilen azokan; ikasketa programaren barnean Ordiziako azoka ezagutzeko aukera izan zuten.