Gipuzkoako Foru Aldundiak aurten 395.000 euroko ekarpena egingo dio Ordiziari hitzarmenari esker. Tabernaren kokapena aldatu eta ibiltarteak eta sarbideko kontrola hobetuko dituzte
Kultura eta Kirol arloko ahaldun Denis Itxasok eta Ordiziako alkate Jose Miguel Santamariak Majori kirol eremua berritzeko aurrerapausoak ematea ahalbidetuko duen hitzarmena sinatu zuten atzo. Akordio horren bitartez, Gipuzkoako Foru Aldundiak aurten 395.000 euroko ekarpena egingo dio Ordiziari.
Udaletxean akordioa sinatuta, Itxaso eta Santamaria, eta horiekin batera aldundiko Goizane Alvarez kirol zuzendaria etaMaria Jose Telleria kultura zuzendari eta Bittor Bolinaga Ordiziako kirol zinegotzia kirol eremura joan ziren, birmoldatu beharreko tokia ikuskatzeko.
Beste gauza batzuen artean, Sevillako 1268ko hiri gutunaren inguruan antolatu diren 750.urtemugako ospakizunei buruz ere hitz egin dute bisita honetan.
Orain arteko urratsak
Santamariak gogora ekarri du «azken bi urteotan urratsak eman direla Ordiziako kirol azpiegiturak berritzeko eta berrantolatzeko premiak identifikatzen eta premia horiek betetzen». Horren harira, «2016an Majoriko kudeatzailetzarekin batera, epeak ezartzeko eta herritarren parte hartzea zehazteko kronograma bat» landu zutela gehitu zuen.
«Lehenengo bilerak kiroldegian lan egiten duten pertsonekin» egin zituztela ere argitu zuen, 2016ko urrian. Hurrengo hilabetean herritar guztiei zabaldu zitzaien parte hartzeko aukera; horretarako, online inkesta bat egin zen, eta elkarrizketa txanda bat egin zen erabiltzaileekin, abonatuekin eta kirol klubekin. Prozesuaren hurrengo urratsa kirol azpiegituren mahaia eratzea izan zen, 2016ko azaroan. Alkatearen esanetan, «mahaia, orain arte sei aldiz batzartu da, eta egin dituen ekarpenak proiektuaren bizkarrezurra dira».
Kirol mahaia hogei-bat lagunek osatu dute: politikaren arlokeak, kiroldegiaren erabiltzaileek, Kirol Kontseiluko ordezkariek (klubak eta kirolariak) eta udal teknikariek.
Kirol mahaia
Ordiziako udalaren helburua, «Gipuzkoako Foru Aldundiak 2017-2020 aldirako kirol ekipamenduen planaren barruan sartzeko egin duen deialdia aprobetxatzea» zela nabarmendu zuen Santamariak. Aurreko legealdian «udalak ez zuen aldundiaren deialdira proposamenik aurkeztu eta ez zegoen orain aukera hau galtzerik», erantsi zuen alkateak. Berak gogora ekarritakoaren arabera, «Majoriko kuboa epeen barruan egokitzeko oinarrizko proiektua landu eta adostu genuen, zailtasunak zailtasun».
Prozesua martxan jartzean, ordea, «zalantzak sortu» zirela aipatu zuen alkateak, «gerora begira egin beharreko hobekuntzen inguruan egokitzapen honek izan zezakeen eraginagatik».Hala, «alderdi desberdinen iritzia izan zen, beharren eta hobekuntza aukeren inguruan hausnarketa globala egitea. Eta hala abiatu zen parte hartze prozesua», Santamariak argitu moduan.
Premiak eta jardunak
Momentuz, Majorin egingo diren hobekuntzak ondorengoak dira: taberna eremua lekuz aldatuko dute eta kokapen berritik bi joko pistak ikusi ahal izango dira; ibiltarteak ere hobetuko dituzte; eta sarbideetako kontrolaere hobetuko dute.