Zumarragak bart jokatu du paleta goma lehiaketa berrian. Ordizia eta Lazkao norbere frontoian lehiatuko dira asteburuan. Olaberriak iazko txapeldunari egingo dio bisita
Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketari ekin diote Goierriko herriek. Palariak izan dira lehian hasten lehenengoak; atzo jokatu zuen Zumarragak, lehenengo aldiz antolatu den paleta goma adarrean. Pala motzeko eta paleta larruzko adarreko beste hiru herri —Lazkao, Olaberria eta Ordizia— asteburuan dira hastekoak. Eskukoei dagokienez, eskualdeko bi ordezkariek —Ataun eta Beasain— hurrengo asteburuan ekingo diote.
Zumarragak paleta gomaz jokatuko du bakarrik, eskuko taldea desagertu ondoren. Atzo 20:30ean Beloki frontoian ziren jokatzekoak, Astigarragaren aurka. «Paletako taldea osatu dugu. Denontzat berria da lehiaketa, eta ikusiko dugu partidaz partida nola joaten den», azaldu du taldeko Josu Vianak.
Joan-etorriko bi jardunaldi izango ditu paletak ere. Aldiko hiru partida jokatuko dituzte, 25na tantora: buruz buru frontoi osoan, banaka 7 koadroren barruan, eta binaka.
Zazpi pilotariko taldea osatu du Zumarragak. Asier Juanena, Jon Andueza, Josu Viana eta Mikel Rodriguez dira titularrak, eta Iñigo Viana, Mikel Egiburu eta Beñat Agirre ordezkoak.
Modalitate horretan 16 herrik parte hartuko dute. Final zortzirenekin hasita antolatu dute kanporaketa sistema, bi itzulira.
Olaberria, 22. aldiz
Pala txapelketan, ohi bezala bi neurketa jokatuko dituzte: pala motzean lehenik eta paleta larruz ondoren. Partaidetzari eutsiko dio Goierrik aurten ere, hiru talderekin.
Olaberriak 22. aldiz parte hartuko du Herriartekoan, jarraian 21. urtea du. Zazpi final jokatu, eta bost txapela lortua da. Eskarmentu handiko eta ibilbide luzeko pilotariak batu dira, beste behin: Jose Manuel Garrido, Gari Arrieta, Iker Arrieta eta Imanol Olaran.
Frontoirako bermea bai, baina etorkizunerako kezka ere bada beteranotza handia. «Azken urteetan taldea osatzeko arazoak izan dira, eta herriko gazteei animatzeko deia egin nahi diegu, hurrengo urteetan jarraipena izateko», dio Gari Arrietak.
Xabier Naldaiz eta Iker Garrido promesak ate joka badituzte, hala ere. Harrobia ugaltzea ezinbestekoa izango da, hein berean. Azkeneko finala 2014an jokatu zuen Olaberriak.
Final-laurdenetan hezur gogorra tokatu zaio Olaberriari aurkari: Andoain. Iaz palako txapeldun atera zen.
Lazkaok talde indartsua
Kailua eta odol gaztea bikain bateratu ditu Lazkaok, palako Herriartekorako. Sei laguneko taldea prest da final-laurdenetan Donostiari aurre egiteko. Laz-kaon bertan hasiko dute txapelketa, larunbat arratsaldean.
Xabier eta Beñat Ibarguren anaiak, Mikel Arantzegi, Ibon Zurutuza, Azeari Andonegi eta Goren Oiarbide dira Lazkaoren izenean ariko diren pilotariak. «Ea kanporaketa gainditzea lortzen dugun, eta aurten paper ona egin dezakegun», iguriki du Azeari Andonegik.
Lazkaok 11. parte hartzea du Herriartekoan. 2006an hasi zen, eta bi urtetan soilik huts egin du. Finalera ez da inoiz iritsi.
Ordiziak ere hutsik ez
Herriarteko palako aitzindarietakoa da Ordizia, eta ez du hutsik egingo 2018ko ekitaldian ere. Adar hori 1991n sortu zuten 11 herrietako bat izan zen, eta 28 ekitaldietan —guztietan— parte hartuko duen bostetako bat da.
Hain justu, beste historiko bat egokitu zaio Ordiziari final-laurdenetan, hasteko: Oiartzun. Beti-Alain hartuko du, bihar.
Zazpi pilotari ditu, Oiangu klubekoak: Iñaki Aranburu, Aitor Luzuriaga eta Aitor Otegi aurrelariak; eta Zuhaitz Letamendia, Gorka Berasategi, Josetxo Erize eta Ricardo Goiburu atzelariak. Goiburu eta Jexus Mari Albisu dira delegatuak.