Egurrezko egitura batekin sortuko dute aterpea, 6-10 metro garai dena. Ikastolaren udako oporrak baliatuko dituzte, eta kurtso berrirako bukatuta egotea da asmoa. Zorua ere berrituko diote.
Lazkaoko plaza inguruak gune estali bat gehiago izango du, aurki. San Benito ikastolaren kirol zelai bat, Barandiaran kiroldegiaren, plazaren eta aparkalekuaren aldera dagoena, estalpe batekin hornituko du Lazkaoko Udalak. Proiektua dagoeneko onartuta eta lanak izendatuta daude, eta ikastolan ikasleen oporrak iritsi zain daude obrei ekiteko.
Zurezko egitura bat izango da aterpea, zutoinen gainean kokatua. Olatu forma edukiko du, isuria eskola-eraikinaren aldera duela. Plazako aterpearen itxura berarekin errespetatu da diseinua. Ikastolaren aldetik sei metroko altuera izango du estalkiak, eta aparkaleku aldetik 9-10 metro. Eskolatik bereiz altxatuko dute, tartean zirrikituarekin.
Lanak Iparragirre Eraikuntzak enpresak egingo ditu. Lau aurkeztu ziren lehiaketara. «Ikastolaren udako etenaldia baliatuko da lanak egiteko, kurtsoa bukatutakoan hasi eta uda partean egiteko. Aurretik materiala eskatuko eta prestatuko da. 2018-19 ikasturtea hasterako bukatuta egotea da helburua», azaldu du Felix Urkola alkateak.
Estalpea eraikitzeaz gain, kirol pistako zorua ere berrituko da. Lanak 413.000 euroko balioarekin eman ditu udalak.
Hiru beharrei erantzungo die aterpeak, alkatearen esanetan: «Ikastolak atseden garaietarako espazio estali baten beharra dauka. Bestetik, Eskola Kirolak egiteko ere toki estalien beharra dago. Eta, azkenik, herriko gainontzeko ekitaldietarako ere erabiliko da».
Gelak eta berogailua
Uda garaiko etenaldia beste lan bat burutzeko ere baliatuko du udalak. Ikastolako berogailu sistema aldatuko dute. Gaur egun dagoen gasoliozko instalazioaren ordez, gas naturala erregaitzat duena ipiniko dute, «energia iturri garbiagoa» dena.
Opor garaian, bi galdarak kenduko dituzte, baita gasolioa gordetzeko tanga ere. Climatizaciones Orio enpresak egingo du lan hori, 58.000 eurorekin.
Ikastolak, bere aldetik, hiru gela gehiago sortzeko obra ere egingo du, beharrari aurre egiteko. Sotoko areto handi bat banatuko dute.
Kiroldegiko proiektua
Joxemiel Barandiaran Kiroldegia handitzeko egitasmoari ere bide eman dio udalak, hurrengo urratsa martxan jarrita. Barruko igerilekuaren aldea berritzeko, fase baten exekuzio proiektua idazteko zeregina lehiaketara atera, eta Jovino Martinez arkitektoak jaso du. 73.800 euroko kostua du, BEZa barne.
Oinarrizko proiektuaren arabera, bi fasetan berrituko da kiroldegiaren ezker hegala. Barruko igerilekua handitu eta egokitu, eta aldagelak berrituko dira lehen fasean. Bigarrenean, bi solairu gehiago aurreikusten dira.