Zerainek hartu du lekukoa
Goierriko Eskola Txikien jaia egin dute asteburuan Ezkion. Lehenengo aldiz antolatu du festa Ezkio-Itsasoko eskola txikiak. Zerainek hartu du datorren urterako lekukoa«Garai batean, Ezkion eta Itsason auzo bakoitzeko eskola bat zegoen. Hala izan zen,...
Goierriko Eskola Txikien jaia egin dute asteburuan Ezkion. Lehenengo aldiz antolatu du festa Ezkio-Itsasoko eskola txikiak. Zerainek hartu du datorren urterako lekukoa
«Garai batean, Ezkion eta Itsason auzo bakoitzeko eskola bat zegoen. Hala izan zen, harik eta 1970eko hamarkada iritsi arte». Horrela hasi zuen Jon Igartua Ezkio-Itsasoko eskola txikiko gurasoetako batek larunbateko agurra. Izan ere, Goierriko Eskola Txikien jaia egin zuten larunbatean Ezkion. Eskualdean bost eskola txiki daude: Itsasondo, Olaberria, Zerain, Gabiria eta Ezkio-Itsaso. Guztietako ordezkariak bildu ziren bertan, festa giroan. Agurraren ondotik, Ezkio-Itsasoko haurrek lekukoa pasa zien Zeraingo ordezkariei.Goierriko Eskola Txikien festa urtero errepikatzen den jaia izaten da. Itziar Etxezarreta, Ezkio-Itsasoko eskola txikiko gurasoetako batek adierazi duenez, «izaera antzekoa dugun eskolok elkartzeko eta elkarren arteko harremanak sakontzeko helburua» du, batez ere, festak.
Harremanak sakontzeko
Ezkio eta Itsaso eskolarik gabe gelditu ziren 1970eko hamarkadan, eta bertako haurrek ondoko herrietara joan behar izan dute urte askoan. Orain lau urte, ordea, eskola txikiaren aldeko apustua egin zuten bi herrietan eta gustura daude lortutakoarekin. «Herri txikiak izanda gorabehera asko izaten dira maiz. Baina gu gustura gaude, gure eskola osasuntsu dago, urtetik urtera gero eta haur gehiagok ematen baitute izena», gaineratu du Etxezarretak.
Agurraren ostean, itsasoko herri kirolen parkera joan ziren denak. Ezkioko pilotalekuan itsasoko herri kirolak ezagutzeko eta praktikatzeko aukera izan zuten haurrek. Ondoren, xahututako indarrak berreskuratzeko afari-merienda egin zuten bertaratutako guztiek. Datorren urtean, Zerainen izango da hitzordua.