Igandean hasiko da Legazpiko Futbol7 txapelketa

Laurehun bat lagunek parte hartuko dute 30 taldetan banatuta
Aiztonaga kopako irabazleak. Gorka Gomez

Aiztonaga kopako irabazleak. Gorka Gomez

Datorren igandean aurtengo Futbol7 txapelketari ekingo diote Legazpiko Gazteak taldekoek Bikuña zelaian, 10:00etan hasita. Maiatzeko asteburuetan igandeetan jokatuko dira partidak Ilintxaren partidekin uztartzeko; ondoren, ohikoa den moduan, larunbatetan jokatuko dira txapelketa barruko partidak.

Laurehun lagun inguruk eman dute izena, 30 taldetan banatuta. Aurreko ostiralean partidetan neurtuko diren taldeak zehazteko zozketa egin zuten. Talde bakoitzeko pare bat lagun agertu ziren, 60 bat.
Eñaut Auzmendi antolatzaileak azaldu duenez, «pare bat talde berrik eman dute izena, batzuk gazteak eta lehen aldiz jokatuko dutenak eta beste taldea neskek osatua da, iaz parte hartu ez zutenak eta aurten animatu direnak». 30 taldeetatik lau neskek osatutakoak dira.

Iaz bi fasetan banatu zuten txapelketa, «bigarren fase horretan jendea ez zen oso animatuta ibili eta aurten bigarren txanpa hori kendu dugu». Ligaxka bat egingo dute aurrena eta lehenengo bi taldeak sailkatuko dira. Ondorengo partidak kanporaketa moduan jokatuko dituzte.

Aurtengo nobedadeak

Orain artean aurrez finkatzen zituzten norgehiagoka guztiak, «zein talderekin lehiatuko ziren kalkulatu ahal zen eta hori ekiditeko bigarren atalaren zozketa ondoren egitea erabaki dugu», jarraitu du Auzmendik. Behin lehenengo ligaxka jokatuta, sailkatu diren taldeen norgehiagokak zehazteko zozketa egingo dute, beti bezala taldeen izenak kinder txokolate arrautzen plastikozko oskoletan sartuta.

Aurtengo Futbol 7 txapelketako finala ekainaren 30ean jokatuko da goizez, baita hirugarren eta laugarren postuak ebazteko partidak ere. Ondoren bazkaria egingo dute iazko 10. urteurrenean egindako aldaketari eutsiz. Izan ere, aurreko urteetan azken futbol partidak arratsaldez jokatu eta afari batera biltzen ziren txapelketan parte hartutako jokalari guztiak. Iazko urteurrenaren harira aldaketa egin zuten, partidak goizean jokatu zituzten eta bazkaria egin zuten afaria egin ordez. Eñaut Auzmendik adierazi du formula berbera erabiliko dutela aurten ere.

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend