Indarkeria matxistak ilundua

Larunbat goizaldean izandako erasoa salatu dute elkarretaratzean. Soka dantzariak, baserritarrak eta bertsolariak izan dira eguneko protagonistak

Beasaingo Udalak eguerdi partean zabaldu zuen albisteak ilundu zuen atzoko festa eguna. Beste indarkeria matxista kasu bat jasan zuen Beasaingo emakumezko batek larunbat goizaldean. Gertaera salatzeko, bost minutuko elkarretaratzea deitu zuen udalak Zubimuzu plazan.

Gainerakoan, eta San Isidro egunarekin bat eginez, baserritarrak izan ziren goizeko protagonista nagusiak. Barazkiez eta fruituez gain, ganadua eta hegaztiak ere jaitsi zituzten herrira. Loinazko San Martin plaza azpiko eta Zubimuzu plazako baserritarren artean sariak banatu zituzten Arrano elkarteko kideek, Aitor Aldasoro alkatearekin eta Leire Artola zinegotziarekin batera. Bertako barazkietan, Aramako Patxi Arizmendi, eta Beasaingo Josetxo Mendia eta Maria Rosario Txintxurreta saritu zituzten. Hornidurari dagozkion sariak, Lazkaoko Leire Ugartemendia, Josetxo Mendia eta Patxi Arizmendirentzat izan ziren. Loreenak, Zaldibiako Iñaki Azanzak eta Aramako Aritz Urretabizkaiak jaso zituzten.

Soka dantzak izaten dira Loinatz jaietako astearteko bigarren protagonista nagusiak. Goizean, haurrek osatu zuten beste behin ere soka luzea. Iluntzean, berriz, helduen txanda izan zen, elkarretaratzearen ondoren egin zuten bigarren dantza saio hori.

Beste behin, festei errima eta doinua jarri zizkien Amets Arzallus, Unai Agirre, Iñaki Apalategi eta Iker Zubeldia bertsolariek. Eguerdian Bideluzeko plazan aritu ziren, eta, iluntzean, Loinazko San Martin plazan.

Gaur eta bihar

Berriz asteburua iritsi aurretik, gaur eta bihar ere izango da zertaz gozatua. Gaur, 19:30ean, Usurbe Antzokian, Aranealde elkarteko Gurea eta Oñatiko Aloña abesbatzen kontzertua izango da entzungai.

Bihar, txosna gunean 17:30ean, pintxo hotzen lehiaketa eta 19:00etan pintxo-potea egingo dituzte. 19:30ean, Festak bai, elkartasuna ere bai lelopean, elkarretaratzea egingo dute Bideluze plazan, Julen gazte auzipetuaren alde.

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend