«Basoan eskerrak ematen ditut ikusten ari naizen horrengatik»
Erakusketa jarri du Oscar Abadek (Legazpi, 1973) Juan Kruz ile-apaindegian. Basoan paseatzen sortu zitzaion bilduma honen ideia. Arte mistoetan landutako piezak dira.Ez duzu aurretik zure lana askotan erakutsi. Zergatik orain? Zergatik Juan Kruz ile-ap...
Erakusketa jarri du Oscar Abadek (Legazpi, 1973) Juan Kruz ile-apaindegian. Basoan paseatzen sortu zitzaion bilduma honen ideia. Arte mistoetan landutako piezak dira.
Ez duzu aurretik zure lana askotan erakutsi. Zergatik orain? Zergatik Juan Kruz ile-apaindegian?Erakusketa hau lehenengoetarikoa dut, eta ile-apaindegian jarri badut, hain zuzen, Juan Kruz senide dudalako da. Gertutasunagatik, alegia.
Oso kritikoa naiz egiten dudan guztiarekin, eta kosta egiten zait lan bat bukatzea. Sortutakoak maila jakin bat izatea ezinbestekoa da niretzat.
Nondik sortu zen erakusketa honen ideia?
Basoan paseatzen ari nintzela sortu zitzaidan. Paseatzen diodanean, poliki-poliki ibiltzea, zentzuak erne izanda, esan nahi dut. Soriako baso hartan sabina eta arte ugari zegoen, eta halako batean zuhaitz bat ikusi nuen zoruan etzanda, botata. Erakusketarako egin dudan postaleko argazkian agertzen den zuhaitza da.
Nire begietara naturak sortutako altxorra izan zen. Sorkuntza prozesuan enbor haren betetatik abiatu nintzen, eta paisaiaz paisaia zeruraino iritsi nintzen. Erakusketako argazki panoramikoak irudikatzen du helmuga hori.
Eta pieza-bildumak zure buruari egin ohi diozun kritika zorrotzaren galbahea pasatzea lortu zuen.
Nonbait bai. Koherentzia hartzen joan zen eta nire kritikak gainditu eta jasan zituen. Batzuetan, horren zorrotz jokatuta, zaila da amaitzen. Oraingoan, ordea, ariketa bat egin dut bukatzeko. Akaso, badaude hainbat detaile norberak baizik ikusten ez dituenak, eta ikusleek ez dituztenak sumatzen… ‘Honela utziko dut’, esan diot nire buruari eta piezak bukatutzat eman ditut; beti ere, egiten duzun horrekiko errespetu handiz jokatuta.
Lanetan egunerokoan erabiltzen ditugun materialak eta objektuak baliatu dituzu.
Sokak, espartzuak, fideoak… Aurrez fabrikatutakoak, eta basoa iradokitzeko baliagarri egin zaizkidan materialak erabili ditut. Desnaturalizatutakoak naturalizatu egin ditut.
Finean, arte mistoak erabili ditut. Edozerekin pintatu dezakezu. Piezetan materialen berezko koloreak erabili ditut. Arte mistoetan zernahi erabil daiteke.
Forjatze lanetan aritutakoa zara. Hortik ere edan duzu?
Aurretik egindakoak balio du. Lehen txapa batekin egiten nuena orain beste material batzuekin egin dut.
Aipatu duzu zure buruarekin kritikoa zarela, baina nolakoa da zure sormen-prozesua?
Zuhaitz bat pintatu dezakezu, baina zuhaitza margotu aurretik bilatzen duzun informazio guztiari hipertestu ugari lotzen zaizkio. Sorkuntzaren alderdi eder bat da, zeren jaso duzun hori guztia ez baituzu erabiltzen, baina irudikatu egiten da nonbait. Sormen-prozesua bera ederra da, areago teknika mistoa erabiltzen baduzu esperimentatzeko, saltsan ibiltzeko eta harritzeko aukera ematen dizulako.
Niri, sormen prozesuak baino gehiago, egin dudan hori hitzez azaltzeak sortzen dit sufrimendu gehiago; hau da, erakustea, elkarrizketa hau egitea… Azken urrats hau betetzea.
Natura hartu duzu hizpide. Zerk erakartzen zaitu hainbeste?
Basoetan nabilenean eskerrak ematen ditut sarritan, ikusten ari naizen horrengatik. Naturak eskaintzen duen hori ezin da argazki batekin ere irudikatu, kamera batek ezingo duelako argi hori justu harrapatu. Erakusketaren postalean honela idatzi dut: «Ez dago lurra bezalako artistarik. Ahaztutzat daukagun horregatik guztiagatik».
Egun, basoa artista askoren ahotik hitz egiten ari delakoan nago. Hor dago, esate baterako, Joseba Irazokik eta Beñat Achiaryk argitaratu duten Bas(h)oan lana.
Musika ere sortzen duzu.
Bai. Musikan antzekoa gertatzen zait. Kosta egiten zait lan bat amaitzea, eta, musikan ere, gutxiago gehiago dela uste dut. Gitarra eta biolin batekin sekulakoa egin dezakezu.