Bertsolari jaialdia egingo dute bihar Labeaga aretoan

Bertso jaialdia egingo dute Urretxuko Labeaga aretoan, bihar 22:30ean. Belaunaldi ezberdinetako lau bertsolarik parte hartuko dute: Andoni Egañak, Aitor Mendiluzek, Alaia Martinek eta Mikel Iturriotz urretxuarrak. Beñat Torres izango da gai jartzailea. Jaialdia Kilometroak 2018ren harira antolatu dute.

Sarrerak dagoeneko salgai daude, 10 euroan. Ikasleek eta langabetuek 8 euro ordainduko dute. Ikastolan eta Kilometroen dendan eros daitezke. Baita hainbat tabernatan ere: Legazpiko Katilu, Azkoitiko Latz, Beasaingo Irizar, Ordiziako Moderno, Lazkaoko Zelata, Urretxuko Zona Zero eta Motz eta Zumarragako Arkupen.

Egaña da lau bertsolarien artean beteranoena. Zarauztarrak lau aldiz irabazi du Euskal Herriko txapelketa. Mendiluzek, berriz, azkeneko finaletan parte hartu du. Iazko txapelketan txapeldunorde izan zen. Gipuzkoako txapelketa bitan irabazia du.

Martin, berriz, indartsu datorren bertsolari belaunaldi berriko kidea da. Iturriotz lau bertsolarien artean gazteena da. Ikastolako ikasle izandakoa da, eta bertso eskolako irakaslea. 2013an Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa irabazi zuen eta Euskal Herriko txapelketan txapeldunorde izan zen.

Kilometroak 2018k Mendimetroak mendi irteera ere antolatu du. Maiatzaren 26an izango da. Lagun eta familia giroan arratsalde ederra pasatzea da helburua. Zumarragako plazatik abiatuko dira, 16:00etan. Belokira igoko dira, eta beherakoan erromeria izango da Antion. Eitzatik jaitsiko dira herrira, kalejiran, Santa Isabel jaietan bezala. Gipuzkoako ikastola gehienek egingo dute irteeraren bat maiatzean. Guztiek argazkiak aterako dituzte eta kilometroak.eus webgunean jarriko dituzte.

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend