Ikasleek lurzorua izan dute aztergai ikasturte honetako Agenda 21ean

Ikasturtean zehar egindako lana asteartean aurkeztu zuten Urretxuko udaletxean. Konpromiso batzuk hartu dituzte, eta bi herrietako alkateei hainbat proposamen luzatu dizkiete

Zumarragako eta Urretxuko ikasleek lurzorua aztertu dute aurten Eskolako Agenda 21 egitasmoaren barruan. Egindako lana asteartean aurkeztu zuten, Urretxun. Aurkezpenean bi herrietako alkateak izan ziren. Haurrek eta gaztetxoek hainbat konpromiso hartu dituzte lurzoruaren egoera hobetze aldera, eta udalei eskaera batzuk egin dizkiete.

Gainzuri ikastetxeko ikasleek te poltsak lur azpian sartu dituzte, eta materia organikoa ongarritutako lurretan azkarrago desegiten dela ikusi dute. Bestalde, zabor organikoa denen artean kudeatu dute.

Urretxu-Zumarraga Ikastolako ikasleek ikastetxe aurreko lorategian txartelak jarri dituzte. Txartel horietan lorategia nola zaindu azaltzen dute. Bestalde, ibaia behatu dute eta zikinkeria gutxi aurkitu dute.

Institutukoek baratzea eta sukalde tailerrak martxan jarri dituzte. La Salle-Legazpi ikastetxekoek, berriz, hazi-bonbak egin dituzte: lurra konpostarekin nahastu dute, haziak gehitu dizkiote, ura gehitu diote lur-pilotak osatu arte eta pilotak inguruko lursailen batera bota dituzte.

Konpromisoei dagokienez, Lehen Hezkuntzako lehen ziklokoek berdeguneetako landareak eta animaliak zainduko dituztela agindu dute.

Bigarren ziklokoek ez dute zaborrik lurrera botako, txakur kakak jasoko dituzte eta landareak errespetatuko dituzte. Hirugarren ziklokoek Erreka Egunean parte hartuko dutela agindu dute eta ez dute zaborra lurrera edo ibaira botako. Gainera, behar bezala sailkatuko dute.

DBH 1ekoek eta 2koek landa lurren kudeaketa aztertu dute, eta hartu dituzten konpromisoak gai horrekin lotuta daude. Herriko baratzeetako produktuak erosiko dituztela eta natura eta ingurunea errespetatuko dituztela esan dute.

DBH 3koek eta 4koek eskualdean ekoizten diren produktuak kontsumitzearen onurak ikasi dituzte. Beraz, bertako produktuak erosten saiatuko direla agindu dute. Posible ez denean, ahalik eta gertuen ekoitzitakoak erosiko dituzte.

Batxilergokoek Urola Garaian nekazari gutxi daudela eta, gainera, erreleboa falta dela ikusi dute. Jendea kontzientziatzeko hitzaldiak bultzatuko dituzte.

Proposamenak

Bukatzeko, udalei hainbat proposamen egin dizkiete: berdegune gehiago jartzea, kakak jasotzen ez dituzten txakur-jabeei isunak jartzea, txakurrentzako parke bat egitea, zabor gehien pilatzen den ibai ertzetan sareak jartzea hondakinak uretara irits ez daitezen, lurzoru emankorretan ahalik eta eraikin gutxien egitea, Bertatik Bertara egitasmoa indartzea eta berdeguneetan sortzen diren putzuak konpontzea.

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend