Oso jendetsua gertatu da feria. Telebistako plato bilakatu da, Haziera proiektuko tomate landareen doako banaketa ere egin dute, eta udaberriko zizak ere tiradizoa duela ikusi da.F eria ez dela saleroste hutsera mugatzen askotan esan dugu. Atzokoa ere ...
Joxe Mari Uzin azkoitiarraren postuan, lehen tomateak saltzen.. Arg. Lierni Elortza
Oso jendetsua gertatu da feria. Telebistako plato bilakatu da, Haziera proiektuko tomate landareen doako banaketa ere egin dute, eta udaberriko zizak ere tiradizoa duela ikusi da.
Feria ez dela saleroste hutsera mugatzen askotan esan dugu. Atzokoa ere horren adibide garbia izan zen. Hainbat ekimen ezberdinek bat egin zuten, eta plazan aparteko mugimendua sumatu zen goizean goizetik.
Aparteko protagonismoa hartu zuen produktua tomatea izan zen. Aurtengo Azkoitiko lehen tomateekin etorri zen Joxe Mari Uzin Jack motakoa da, 4 euroan kiloa. Aurtengo sasoia nola ikusten duen galdetuta, hona erantzuna: «Oso itxura ona du momentuan baina eguraldiak lagundu behar». Iaz baino 15 egun beranduago etortzen hasi da, berotasuna behar duen landarea baita, eta horretatik askorik ez da izan orain artekoan.
Hazierako hazi landareak
Cristina Enea Fundaziokoa da Haziera hazi ekimena. Bertako haziak berreskuratzea edota galtzear daudenak biziaraztea dute helburu. Marc Badal Luzaiden bizi den kataluniarra hiru tomate landare eskaintzera etorri zen: Aretxabaleta, Piko Luze eta Ubera. Banatzearekin hazia hedatzea lortu nahiko lukete. Gehienez ere mota bakoitzeko bana ematen zuen eta sekulako arrakasta izan zuen. Landare banaketa ez ezik tailerrak, bisitak eta hitzaldiak ere antolatzen dituzte. Bioanistasunaz hitz egiteaz gain, landareak banatuko dituzte gaur bertan Urretxun.
Patata berria hasi da
Ataungo Arratienea baserriko Lurdes Zurutuzak ekarri du aire libreko lehen patata berria. «Roberto Ruiz sukaldariak eraman du dena, gutxi nuen eta ikusi orduko erosi du. Ez zen patata handia, baina berriak asko erakartzen du», zioen Zurutuzak. Tomateak ez ezik, patata berria ere bazuen Uzinek, negutegikoa. Jaerla motako goizeko patata zen, eta kiloa 2 euroan zuen salgai. Merke esan daiteke beste merkatu batzuekin alderatuz, aste honetan bertan 5.80 euroan kiloa ikusi bai dugu Donibane Lohizunekoan.
Lehen gorringoak
Mikel Lasaren postuan, udaberriko ziza eta onddoez gain, lehen gorringoak zeuden salgai. Bost kilo ziren, 36 euroan kiloa. Hala ere, garaian garaikoa aintzakotzat hartuz, gehien erakartzen duena aste hauetan ziza da. Atzo, guztir,a 170 bat kilo izango ziren, 30-54 euro artean salgai.
Ordiziako feria telebista plato bihurtu zuen Teledonostik. Saio bat grabatu zuten plazan, eta goizean goizetik sekulako jendea bildu zuten inguruan.