Bi noranzkoak mantenduko dituzte San Bartolome auzoan
Herritarrei galdeketa eginda, 403 biztanlek eman dute haien iritzia; 320 bi noranzkoen alde izan dira, 74k noranzko bakarra nahiago dute eta 9 baliogabeak izan dira
San Bartolome auzoa eta Goierri kalearen arteko zirkulazioa berrantolatzeko egindako herri galdeketan bi noranzkoetan mantentzearen alde agertu dira iritzia eman duten herritar gehienak. Guztira 403 erantzun jaso dira. Horietatik 320 bi noranzkoen alde izan dira, 74k noranzko bakarra nahiago izan dute eta gainontzekoak bederatzi baliogabeak edo zuriak izan dira.
Udalak aurreko astean egin zuen herritarren iritzia ezagutzeko deialdia. Horretarako esku-orri bat bidali zuten postontzietara, eta Internet bidez erantzuteko bidea zabaldu zuen.
Beraz, auzoa berritzeko amaitzear dagoen obra herritarrek eskatutakoaren arabera berrantolatuko da. Aurrerantzean ere herrira sartu eta irteteko San Bartolomeko sarbidea erabili ahalko dute ibilgailuek. Hori bai, kontutan izanda N-1 errepidetik sartzean merkatal gune paretik zabaldu den bide berritik hartu beharko dela, hortik aparkalekura eta herrira sartzeko. Horrela auzoko kale nagusian noranzko bakarra ezarriko da, irteerakoa.
Helburua da oinezkoak eta bizilagunak lasaiago eta seguruago ibiltzea, eta herri atseginagoa egitea. Udalak urtean zehar iritziak jasotzeko galdeketa gehiago egiteko asmoa du.