Adostutako ekintza eta proiektuen garapena baimendu eta ezarritako helburuak lortzeko balioko du. Elkarlan horretarako 60.000 euro baino gehiago bideratuko ditu Ordiziako Udalak
Ordiziako Udalak eta Ordizian elkarteak, bi alderdientzat betebehar eta konpromiso desberdinak jasotzen dituen lau urterako (2018-2021) elkarlan hitzarmen berria sinatu dute, adostutako ekintza eta proiektuen garapena baimendu eta ezarri dituzten helburuak lortzearen aldeko elkarlan estu baten bila.
Udalak eta Ordizianek herriko merkataritza sektorea bultzatu eta hori indartzeko baliagarria den elkarlana sustatzen ari dira. Horretarako, herriko Merkataritza Biziberritzeko Plan Berezia garatu zen, eta horrez gain, Merkataritzako II. Plana ere landu zen. Hauen bitartez, ondorio nagusiak atera dituzte eta atzo goizean sinatutako hitzarmenaren bidez, sektorearen ahultasun eta mehatxuei aurre egin,eta antzeman eta jasotako sendotasun eta aukerak indartu eta aprobetxatuko dituzte.
Helburu nagusiak
Ordiziako Udalaren eta Ordizian Elkartearen helburu nagusien artean ondorengoak nabarmendu dituzte: batetik sektoreko profesionalei errepresentazioa, defentsa eta aholkularitza eskaintzea; bertako marketin eta merkataritzaren garapena; merkatal hirigintzaren azterketa, garapena eta exekuzio lanak burutzea; salmenta puntuen hobekuntza eta lokal komertzial hutsen berreskuratzea; sektorearen profesionaltasuna bultzatzea; herritarrak tokiko saltokietan kontsumitzeak duen garrantzi handiaz ohartaraztea; eta azkenik, sektorearen modernizazioaren alde lana egitea, kudeaketa errazten dituzten tresnekin eta beharrezko ekintzekin animatuz eta lagunduz, horrela, lehiakortasuna hobetzeko.
Gainera, Ordiziako merkatarien interes sozial, ekonomiko eta kulturalak defendatu nahi dituzte, promozio, koordinazio eta exekuzioen bitartez, udal agintariekin kolaboratuz, herriko hirugarren sektorea indartuz eta bezeroei produktuen sorta anitza eskainiz.
Elkarlan horretarako 60.000 euro baino gehiago bideratuko ditu udalak zuzenean, Eusko Jaurlaritzaren eta saltokien ekarpenei edo beste kolaborazioei baturik sektorea indartzeko tresna berriak aurkezteko, dinamizazio ekintza berriak antolatzeko eta Ordizian bulegoaren bitartez zerbitzu hobeagoa emateko.