Paper-fabrikan aritu ziren emakumeak, Museoen Eguneko protagonistak
Txillida Lantoki Museoaren ateak irekiko dituzte etzi Legazpin. Juan Mari Burgera eskultorearen estudioa eta Ricardo Mediavillaren tailerra bisitatu ahalko dira 11:00etatik aurreraEtzi, igandea, Museoen Nazioarteko Eguna da eta Legazpin Txillida Lantok...
Txillida Lantoki Museoaren ateak irekiko dituzte etzi Legazpin. Juan Mari Burgera eskultorearen estudioa eta Ricardo Mediavillaren tailerra bisitatu ahalko dira 11:00etatik aurrera
Etzi, igandea, Museoen Nazioarteko Eguna da eta Legazpin Txillida Lantoki Museoaren ateak irekiko dituzte. Paper-lantegia izandakoan lan egin zuten emakumezkoei ahotsa eman, eta haien lanari aitortza egingo diete. Antolatu duten egitarauak beste berezitasun bat dauka. Hain zuzen, orain bi urte bezala, aurtengoan ere legazpiarrek Juan Mari Burguera eskultorearen estudioa bisitatu ahalko dute, baita Ricardo Mediavilla errementariaren tailerra ere. Burguerak atzo Txillida Lantokian egin zuten aurkezpenean esan zuenez, «hau bizirik dagoen museoa dela erakutsiko dugu».Museoaren ateak 11:00etan irekiko dituzte. Koldobike Olabide alkateak legazpiar guztiak gonbidatu zituen: «Aurten emakumeen lanari egingo zaion aitortza oraindik eta motibagarriagoa egiten du etziko bisita».
Lenbur fundazioko kide Olatz Condek emakumeen lanaren aitortzaren zergatia azaldu zuen: «Gure industriaren historia beti kontatu dugu ikuspuntu batetik eta orain emakumeen ahotsetik kontatzera gatoz».
Etzi bertan izango dira paper-lantegian lan egin zuten hainbat emakume. Haien lan-baldintzen eta bizipenen gaineko hainbat pasarte kontatu zituen atzokoan Condek: «36ko gerran lantegia militarizatuta egon zen eta gizonezkoak frontera joan zirenez emakumezkoak aritu ziren lanean». Paper-lantegia izanda ere, bestelako produktuak ekoitzi zituzten: berokietarako feltroa, takotegi gunean eskopetetarako takoak, moketak… «Franco gailendu zenean, emakume haietako asko etxera bueltatu behar izan ziren etxetik kanpoko lana ez baitzegoen ongi ikusita», erantsi du Condek.
Gerora lanera itzuli ziren emakumezkoek ez zuten erraz izan: «Gizonezkoen esparru batean aritu ziren lanean eta askok mehatxu gisa ikusten zituzten, euren tokia egiteko borrokatu behar izan ziren», azaldu du Lenburreko kideak.
Artisauen txokoak
Ate irekien egunean Ricardo Mediavilla errementariaren txokoan forjaketa-prozesuaren nondik norakoa ikusi ahalko da. Mediavillaren hitzetan, «errementari-ofizioa galdu egin da toki gehienetan, baina Legazpin eutsi diogu». Mediavillak pieza bat egiteko prozesua erakutsiko du.
Juan Mari Burguerak, bere aldetik, «museoan bertan egiten diren gauzak erakutsiko» dituztela eta bertatik bertara ikustea «inportantea» dela esan zuen. «Lantegi honetan produktua hasi eta buka egiten den guneak daude». Burguerak han bertan sortutako obra erakutsiko du.
Etziko bisitan paper-lantegian zeuden makinak ikusteko aukera izango dute legazpiarrek. Bisita doakoa izango da.