Txakurren bost izarrekoa

Duela ia biurte Orbela txakurrentzako egoitza ireki zuen Izaro Garmendia zumarragarrak. Pertsonentzako hoteletan bezala, txakurrek egunetako egonaldia egin dezakete bertan
Izaro Garmendia zakur hezlea. Arg.: I. Gurrutxaga

Izaro Garmendia zakur hezlea. Arg.: Ariane Vierbücher

Askorentzat txakurra da gizakiaren lagunik onena eta leialena. Uste horretakoa da, hain zuzen ere, Izaro Garmendia zumarragarra. Ederki moldatzen da animalien artean, eta haiekin harreman zuzen-zuzena izan du txikitatik. Udan bi urte beteko dira Zumarragan, paraje zoragarri batean, Orbela txakurrentzako egoitza ireki zuenetik. Bost izarreko hotel onenen pare, txakurrentzako hotela irekitzea bururatu zitzaion. Bizimodu bilakatu du hasiera batean “burutapen eroa” zirudiena. Garmendiarentzat “lan soila baino gehiago” da proiektua. “Ilusio handiz”, bete-betean sartuta dago egun txakurrentzako egoitzaren proiektuan.

Zumarragako herrigunetik Antioko baselizarako bidea hartu, eta handik gora egin behar da Orbela txakurren egoitzara iristeko. Baso arteko muino batean dago egoitza. Lasaitasuna nabaritzen da hara iritsi bezain pronto. Toki paregabea da bizimoduak berak sortzen duen estresari ihes egiteko. Egurrezko eta harrizko etxetxo bat ageri da bertan, eta, noski, txakurrak dantzan hasten dira bertara iristerako. Azkar konturatu dira bezero berriren bat iritsi dela. Irribarre handi batekin agertu da Garmendia; segituan antzematen zaio egiten duena gustuko duela. Izan ere, “zoriontsu izatea” zen haren erronka, eta zaintzen dituen txakurrek eskaintzen diote hainbeste desio zuen hori.

Txakur hezitzaile eta albaitaritza erizain izateko ikasketak egin zituen Bilbon, denbora askoan zer ikasi nahi zuen oso ondo ez zekiela egon ondoren. Urretxuko lizeoko irakasle batek eman zion pista. “18 urterekin ez nuen oso argi ikusten etorkizunean zer izan nahi nuen, etorkizunean zer egin nahi nuen. Baina, azkenean, topatu nuen benetan asebetetzen ninduena”.

Ikasketak bukatu eta denbora tarte batera hasi zen txakurrentzako egoitza sortzeko proiektuari bueltaka. Inori ezer esan aurretik, aitak aipatu omen zion antzeko zerbait, eta Garmendiak aitortu du orduan hasi zela benetan buruan bueltaka zebilen ideia hari forma ematen.

Zerbitzu zabala eskura

Proiektua gauzatuta, gaur egun txakurrentzako eta haien jabeentzako zerbitzua eskaintzen du Orbela egoitzak. Pertsonentzako hotelen antzera, txakurrentzako bakarkako gelak eskaintzen ditu Orbelak, gela bakoitzetik kanpora ateratzeko aukera dago, egunean bi paseotxo egiten dituzte gutxienez, kalitate handiko pentsua jaten dute, garbiketa zerbitzua daukate, ile apaindegia ere bai, eta, txakurren bati zerbait gertatuta ere, albaitariarekin harremanetan egoten dira eguneko 24 orduetan.

Egoitzaren ordutegiaren barruan betiere, baina jabe bakoitzak hotelean utz dezake bere maskota, eta txakurrak beharrezkoa den denbora guztia pasa dezake han, oso ondo zainduta, gainera. Izan ere, Garmendiak berak aitortu du “asko” maite dituela animaliak, eta nahikoa da egoitzako txakurrekin daukan jarrera eta konexioa bertatik bertara ikustea, hori hala dela ziurtatzeko.

“Lotsatiak” dira txakur batzuk, “mesfidatiak” beste batzuk, “oso irekiak” direnak ere badaude, edo “beldurtiak” direnak. “Oso desberdina da txakur bakoitza, eta haiekin komunikatzen saiatzen naiz”, adierazi du zumarragarrak. “Oso izaera desberdineko” txakurrak igarotzen dira Orbela egoitzatik, eta guzti-guztiek ateak alderik alde zabalik dauzkatela azaldu du txakur hezitzaileak.

Garmendiak berak txakurrei eskaintzen dien denbora, horixe da egoitzaren berezitasunetako bat. “Basoan barrena ibilaldi luzeak egiten ditut txakurrekin, eta haiekin jolasean ibiltzen naiz, harremanak sendotze aldera”. Horrez gain, bertara iristen diren txakurrekin “lanketa berezia” egiten du. Izan ere, egoitzaren kudeatzaile bihurtu aurretik, txakur hezitzailea zen Garmendia. “Txakurrekin nola jokatu eta komunikatu behar den erakutsi zidaten hezitzaile ikasketek, eta oso lagungarria zait gaur egun”, argitu du. “Arraza gorabehera, desberdinak dira txakur guztiak, eta komunikatzen dutena irakurtzen saiatzen naiz ezagutzen ditudanean daukaten jarreraren arabera. Horrela jakiten dut haiekin nola jokatu”.

Urteotan jasotako heziketa eta pilatutako esperientzia egunerokoan erabili ez ezik, txakurrak hezteko ikastaroak ere ematen ditu Garmendiak, nahi duen orok balia ditzan. “Gauzak ahalik eta ondoen egiten saiatzen dira txakurren jabe guztiak, baina batzuetan ez da erraza izaten, eta beti ez da asmatzen; haiei laguntzeko ere banago ni”.

Bizimoduaren garrantzia

Etxeetan gero eta txakur gehiago dago egungo gizartean. Banako, bikote edo familia askok dute txakurra etxean. Baina nola aukeratu txakur egokia? “Txakurra sekula ez da aukeratu behar penagatik, hutsune bat betetzeko helburuarekin edo norberaren bizimodua aldatzeagatik; benetan nahi dugulako eman behar dugu pauso hori”. Norberaren bizimodura “ondo” egokitzen den txakurra aukeratzeko aholkua eman du Garmendiak. “Ondo pentsatu gauzak, ondoren bizikidetza arazoak sor ez daitezen. Hala eginez gero, familia polita sortuko da, ziur”.

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend