Sabrina Stultiensek irabazi du Emakumeen Birako lehen etapa Legazpin
Txirrindularitza hitzordu garrantzitsua izan dute gaur Legazpin. Izan ere, Legazpitik abiatu eta Legazpin bukatu da Emakumeen Birako lehen etapa, gaur arratsaldean. Garaipena, Waowdeals Pro C.T. taldeko, Sabrina Stultiens-entzat (Herbehereak) izan da eta 02:51:24ko denbora behar izan du, 108 kilometroko etapa burutzeko. Bigarren tokian, Lisa Brennauer (Wiggle High5) sartu da helmugan, 17 segundura eta hirugarren, Giorgia Bronzini (Cylance Pro Cycling), denbora berdinean.
31. lasterketa da gaur hasi dena eta emakumeen maila goreneko lehiaketa da, World Tour zirkuituko proba —munduko 23 lasterketa onenek osatutako zirkuitua—, bi urtean maila nagusitik kanpo egon eta gero. Munduko txirrindulari onenak espero dira Euskal Herriko errepideetan.
Emakumeen Birak lau etapa izango ditu: gaurkoa, Legazpi-Legazpi (108 kilometro); Agurain-Gasteiz (28 kilometroko bakarkako erlojupekoa); Aretxabaleta-Aretxabaleta (122 kilometro); eta Iurreta-Iurreta (120 kilometro). Bigarren etapako erlojupekoa nabarmendu dute antolatzaileek. Biran inoiz egin den erlojupeko luzeena da.