Ordiziako Udalak Filipinak kaleko 6. zenbakiko lur-zatia salduko du bertan hotel bat eraikitzeko. Lehiaketako baldintza-agiria atzo argitaratu zuten Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta lehiaketan interesa duten pertsona edo entitate juridikoek hamabos...
Ordiziako Udalak Filipinak kaleko 6. zenbakiko lur-zatia, gaztetxe zaharra zegoen orubea, saldu egingo du, bertan hotel bat eraikitzeko. Lehiaketako baldintza-agiria atzo argitaratu zuten Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta lehiaketan interesa duten pertsona edo entitate juridikoek hamabost eguneko epean, ekainaren 5erako, aurkeztu beharko dute eskaintza. Jose Miguel Santamaria alkateak eta Jose Inazio Iturriotz zinegotziak, une honetara iristeko egindako «ibilbide luzearen» berri eman dute.
Aspaldiko beharra
Udal ordezkariek adierazi dutenez, «2012a geroztik, ez zaio erabilerarik eman garai batean osasun-zentro eta ondoren Gaztetxea izan zen eraikinari». Orain, «alderdi guztiekin bilera ugari eta lanketa egin ondoren, Ordiziak aspalditik duen behar bat errealitate bihurtuko duen oinarria ezarri da», Santamariak prentsaurrean nabarmendu duenez.
Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitara emanda, interesa duten pertsonek edo erakundeek baldintza agirian eskatutako dokumentazioa eta eskaintza ekonomikoa aurkeztu beharko dituzte hamabost eguneko epean.
Baldintza ekonomikoen agiriak baldintza orokorrak ez ezik, enkantera ateratzeko prezioa ere zehazten du: 393.797 euro.