Ordiziaren 750. urteurrenarekin bat egingo du Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiaren 29. kapituluak. Ostiralean Fecogako produktuen azoka eta larunbatean jaia egingo dituzte
Idiazabal Gaztaren Kofradiak urteko ekitaldi nagusietako bat ospatuko du Ordizian, asteburuan. Kofradiaren 29. kapitulua ospatuko dute. Aurtengo ekitaldia berrikuntzekin egingo dute, gainera; izan ere, Ordizia hiribilduaren sorreraren 750. urteurrena ospatzen ari den honetan, Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiak ere ospakizunekin bat egingo du.
Gazta kofradiaren kapituluaren xehetasun guztiak eman dituzte Jose Migel Santamariak, Ordiziako alkateak, Josi Iturriotz zinegotziak, Jesus Mari Ormaetxea Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiako kideak eta Juan Manuel Garmendiak Fecoga-ko (Anaiarte Gastronomikoen Federazioa) lehendakariak.
Kapitulu berritua
Ordiziarentzat urte hain garrantzitsua den honetan, Idiazabal Gaztaren Kofradiak eskaintza berria egingo dio herriko kultura-agendari. Izan ere, ostiralean, Fecoga elkargoa osatzen duten kofradien produktuen azoka egingo dute. Euskal Herritik eta kanpotik etorritako 16 kofradiak parte hartuko dute azokan. Bakoitzak ekarritako produktuak dastatzeko aukera egongo da: Idiazabal gazta, Beasaingo odolkia, Asturias, Kantabria, Gaztela Mantxa eta Portugalgo gaztak, edota Nafarroako zainzuria probatu ahalko dira, besteak beste. Pintxoak euro bat balioko du, eta bildutako diru guztia Garaguneari bideratuko diote.
Data ere aldatu diote. Uztailean egin izan dute kapitulua, baina aurtengoa larunbatean, maiatzaren 26an, izango da.
Ohorezko kofradiakideak
Urtero egin ohi duten moduan, kofradiaren kapituluaren ospakizunarekin batera, ohorezko kofradiakide berriak izendatuko dituzte. Iñurrieta upategiko Tomas Antoñana, Patxi Zubizarreta idazle ordiziarra, Jakintza ikastola —50. urteurrena du—, Aitor Urien Abadiñoko artzaina eta Ramon Aseginolaza fruta ekoizlea eta Ordiziako azokako saltzailea izendatuko dituzte ohorezko kofradiakide.
Larunbatean, Ordiziako udaletxean egingo duten ekitaldian egingo da haien izendatzea.
Egitaraua
Ostirala
· 18:00-21:00. Kofradien produktuen azoka eta jaki dastaketa, Plaza Nagusian.
Larunbata
· 10:30. Kofradiei eta gonbidatuei ongietorria eta hamarretakoa, D’Elikatuz zentroan.
· 11:30. Oroith abesbatzaren kontzertua.
· 12:00. Kofradien eta gonbidatuen desfilea herrian barrena, txistulari eta dantzarien laguntzarekin. Ondoren, taldeko argazkia aterako dute Plaza Nagusian. Jarraian, Amets Bide dantza taldearen emanaldia.
· 12:30. Kofradiakide berriei eta ohorezko kofradiakideei harrera, udaletxean.