'Irakurri, gozatu eta oparitu' egitasmoaren azken egunetan, Legazpiko Udal Liburutegiko behatokitik aurtengo ekitaldia nola joan den azaldu du Jasone Erostarbe liburuzainak. Txekeak trukatzeko epea luzatu dute.
Irakurri, gozatu eta oparitu kanpaina datorren astean bukatuko da, maiatzaren 31n. Kanpainan parte hartzeko, udal liburutegian euskarazko liburu bat maileguan hartu behar da, eta trukean erosketa txartel bat emango diete. Txartel horri esker, Legazpiko liburu-dendetan liburuak erosteko deskontuak lortuko dituzte. Kanpaina ez da Legazpin bakarrik garatzen ari, baina 2016an abiatu zenetik Legazpin urtero bat egin dute. Parte-hartzaile «finenak», Legazpiko liburutegiko Jasone Erostarbe liburuzainak dioenez, «ikasten ari direnak edo eskola garaian dauden haurrak»dira.
Liburuzainak aurten sumatu duen aldeetako bat, aurreko kanpainekin konparatuz gero,
Irakurri, gozatu eta oparitu egitasmoaren «ezagutza handiagoa» izan da; «ezaguna egin zaie liburutegiko erabiltzaileei».
Kanpainan parte hartzen ari diren legazpiarrak umeak dira, batik bat. «Gazteak eta helduak gutxiago dira. Haurrek liburua irakurri eta gero, gurasoek lagunduta betetzen dituzte erosketa-txekeak lortzeko behar diren orriak», azaldu du. Kanpainan parte hartzen ari direnen soslaiari beste ezaugarri bat gehitu dio Erostarbek, ikasle eta eskolan garaiko haur izaeraz gain: «Liburutegian euskaraz irakurtzen dutenak dira». Haurrek ipuinak aukeratu ohi dituzte irakurtzeko, bestetik.
Ekimenak Legazpin «arrakasta» badu: «Aurten, aurreko ekitaldietan baino erosketa-txeke gehiago banatu ditugu udal liburutegian». Aitzitik, igoera horrek ez du oihartzun berbera izan gero liburu-dendetan. «Aurreko asteko datuen arabera, erosketa txekeak jende gutxiagok erabili ditu Legazpiko liburu-dendetan», azaldu du Erostarbek, liburu-saltzaileekin egon eta gero.
Ohartarazi du ekainaren 10era arteko astia dagoela txekeak erabiltzeko eta «euskal kultura kontsumitzeko». Kanpainan parte hartu dutenen artean 30 euroko txartelak ere zozkatu dituzte euskarazko liburuak erosteko.
Irakurtzeko aukera bat da, erraztasuna. Haatik, Legazpiko dendetan liburu kontsumoa jaisten ari dela diote dendariek. Gutxiago irakurtzen da? Haurrei irakurtzeko esan bai, baina helduek irakurtzen al dute?
Fikzioa da liburutegian maileguan gehien hartzen den generoa
Jasone Erostarbe Legazpiko Udal lLiburutegiko liburuzainari erabiltzaileek gehien irakurtzen dutena zer den galdetu, eta «fikzioa» erantzun du. Hizkuntza hautua orokorrean zein den ere azaldu du: «Helduek gaztelaniaz irakurtzen dute gehiago, eta haurrek nahiz gazteek euskarazko ipuinak eta eleberriak».
Azken urteetan liburutegiko ikus-entzunezko funtsaren maileguak asko ugaritu direla nabarmendu du Erostarbek. «Helduek eta haurrek antzeko kopuruetan hartzen dituzte ikus-entzunezko produktuak». Filmak eramaten dituzte helduek, eta haurrek filmak eta marrazki bizidunak. «Liburuekin bezala, helduek gaztelaniaz edo azpitituluekin hartzen dituzte film gehienak, eta haurrek euskaraz».
Zergatik irakurri
Erostarbek liburu artean lan egiten du, eta irakurtzea zertarako den baliagarria galdetuta honakoa erantzun du: «Ondo pasatzeko, dibertitzeko, irudimena suspertzeko, sentimendu estetikoa elikatzeko, espiritu kritikoa garatzeko eta gogoeta bultzatzeko». Hizkuntzak ikasteko balio duela erantsi du. «Komunikatzeko eta ikasketa prozesuan ere laguntzen du. Adimen bizia izateko, lehenengo eta behin hitz asko ezagutu behar ditugu. Gure inteligentzia linguistikoa da, hizkuntzari esker ulertzen dugu mundua. Nork bere sentipenak eta errealitatea ezagutzen laguntzen du».