Goierriko Bola Txapelketa larunbatean bukatu zen. Zazpigarren eta azken jardunaldia Gabiriako Alkainburu bolatokian jokatu zuten. 25 bolarik bota zuten. Txapela Martzelino Agirre segurarrak jantzi du, azken saioan Andoni Berasategi liderrari lehen post...
Goierriko Bola Txapelketa larunbatean bukatu zen. Zazpigarren eta azken jardunaldia Gabiriako Alkainburu bolatokian jokatu zuten. 25 bolarik bota zuten. Txapela Martzelino Agirre segurarrak jantzi du, azken saioan Andoni Berasategi liderrari lehen postua kenduta.
Estu iritsi zen sailkapen nagusiko aurreko hirurak, azken botaldira. Berasategik eta Xepeiño Agirrek puntu bateko aldea eraman zuten Gabiriara; Martzelino Agirrek, ordea, 47 birla lurreratu, eta aurre hartu zien. Eguneko tiraldia ere berak irabazi zuen, Patxi Ormazabal (46) eta Egoitz Berasategi (46) atzetik.
Goierriko txapelketan zazpi sari eman dituzte, tiraldiak adina: Martzelino Agirre txapeldun (331), Andoni Berasategi txapeldunorde (330), Xepeiño Agirre (329), Fernando Gallego (321), Patxi Arrondo (316), Itoitz Alustiza (313) eta Pedro Lazkano (312).
Emakumeetan Aitziber Makatzaga zeraindarra da txapeldun, eta gazteetan, Patxi Ormazabal.
Gipuzkoakoan bi gabiriar
Igandean Zarautzen jokatu zen haur, gazte eta beterano mailetako Gipuzkoako bola txapelketa. Gabiriarrek lortu dituzte hiru txapeletatik bi. Haurretan, Kepa Ormazabal izan da txapeldun, eta gazte mailan Naiara Peñagarikano. Beteranoena Antonio Goenaga altzatarrak irabazi du. 40 bolarik parte hartu dute.