Ekainaren 3an egingo dute Idiazabalen Auto Klasikoen Bosgarren Topaketa. Izen-emate epea zabalik dago jada eta antolakuntzak aldez aurretik egitea gomendatu du
Beste behin ere, motor hotsa eta gasolina usaina izango dira protagonista Idiazabalen ekainaren 3an,igandean auto klasikoen topaketa antolatu baitute. Antolakuntzakoek azaldu dutenez, «auto klasikoak 25 urte baino gehiago dituztenak dira».
Iaz eguraldi oso txarra egin zuen, gogotik bota zuen euria eta horrek parte hartzeak behera egitea eragin zuen, Luis Oliveira antolakuntzako kideak gogoratu duenez. 2016an, 300 bat auto klasiko elkartu zituzten, iazko edizioan berriz 150 bat. Aurten, eguraldia lagun izatea espero dute, «parte hartzeak berriro ere gora egin dezan». Urte guztia daramate lanean, Idiazabalgo auto klasikoen topaketaren bosgarren edizioa antolatzen.
Izena emateko epea irekita dago eta dohainik da. Inskripzio bakoitzeko bi pertsonentzako hamaiketakoa eta bazkaria sartzen dira. Antolakuntzak, bazkaria egin ahal izateko, izen ematea topaketa baino bost egun lehenago egitea eskatu du,
idiazabalgoklasikoentopaketa@gmail.com posta elektronikora idatzita. Topaketaren egunean bertan ere egin ahalko da inskripzioa, 09:30etik aurrera.
Egun osorako plana
Auto klasikoak elkartzeaz gain, beste hainbat ekintza ere antolatu dituzte egun horretarako. 10:30ean, gazta museora eta Aranburu gaztandegira bisitak egingo dituzte parte-hartzaileek, eta jarraian, hamaiketakoa banatuko diete. Gainera, Goierriko herrietatik ibilbidea egingo dute 11:00etatik aurrera. Ibilbidea bukatu ondoren, Idiazabalgo leku desberdinetan jarriko dituzte autoak herritarrek eta bisitariek gertutik ikus ditzaten, eta 14:30ean, bazkaria egingo dute.
Auto klasikoak elkartzeaz harago, «Goierri eskualdea ezagutzera ematea da antolakuntzaren helburua». Oliveirak berak argitu duenez, «jendea erakartzeko modua ere bada tokapaketa antolatzea».