Aurreko asteburuan disko berria aurkezteko kontzertua egin zuten Legazpiko Gaztetxean. Aurretik Arraio taldeak jo zuen. Bigarren disko hau Beasaingo Pottoko estudioan grabatu dute.
John Dealer&The Coconuts taldeak disko berria kaleratu du. Bigarrena da. Aurrekoari izenik ez zioten jarri, oraingoari bai:
We will meet together in hell (Infernuan elkartuko gara). Legazpiko lau gaztek osatzen dute taldea, 23 urtetik 26 urtera artekoak: Noel Calvo (gitarra eta ahotsa), Iñigo Caballero (gitarra), Andoni Domingez (baxua) eta Iñaki Ormazabal (bateria). Musika taldeetan jo dute 12-14 urte zituztenetik. Ordutik musika sortzen ari dira eta, elkarrizketaren amaieran, musika beraientzat zer den galdetuta, hitzetan jarri dute solasaldi osoa laburbiltzen duen ideia: «Guretzat bizitzeko era bat da».
Aurreko asteburuan aurkeztu zuten bigarren diskoa Legazpiko Gaztetxean. «Oso gustura aritu ginen, kriston giroa sortu zen eta, diskoa aurretik kalean zenez, jendeak abestiak ezagutzen zituela ikustea itzela izan zen. Eskertzekoa da jendea horren animatuta ikustea. Soinu aldetik ere ondo joan zen», azaldu du Noel Calvok.
We will meet together in hell diskoa hamabi abestik osatzen dute. Guztiak ingelesez idatzi dituzte eta hala kantatzen dituzte: «Guk egiten dugun musikarekin bat datorren hizkuntza da»,nabarmendu du Calvok. Punk eta rock estiloa nahasten dituzte. Abesti bakoitzak istorio bat kontatzen du: maitasuna eta maitasunaren galera, lagunak gau giroan, psikopata baten burutazioak, nor bere burua gainditzearen gaineko istorioa…
2016an kaleratu zuten lehenengo diskoa, eta urte eta erdiren buruan atera dute bigarrena. Maketa Subeltzako estudioan grabatu dute Iker Otegirekin eta diskoa Pottoko estudioan, Beasainen, Fredi Pelaezekin. «Estudioa ezagutzen genuen Vancouver eta One Way taldeekin han aritu ginelako. Asko gustatu zitzaigun Pelaezen lan egiteko modua, eta hara jo genuen. Gure musika estiloa haren estilotik urrun dago, berea rock klasikoagoa da, eta beldur ginen ezetz esango ote zigun, baietza eman zigun ordea».
Bidelagunei keinua
Lehenengo diskotik bigarrenera eboluziorik egon den galdetu, eta «diskoa helduagoa da, gu ez» erantzun du Calvok barre artean, eta Iñigo Caballero taldekideakhonakoa erantsi du: «Gure estiloari eutsi diogu».
Diskoa autoekoitzi egin dute eta kontzertuetan salduko dute. Legazpiko hainbat tabernatan ere salgai dago. Aurreko diskoarekin bezala oraingoan ere elastikoak atera, eta kontzertuetan salduko dituzte. Esker oneko hitzak dituzte diskoaren ekoizpenean bidelagun izan dituzten guztientzat. Asko dira.
Datozen kontzertuak
· Ekainak 4 (asteazkena): Oñatiko gaztetxean, Non Servium taldearekin.
· Ekainak 9 (larunbata): Arrasateko gaztetxean.
· Ekainak 14 (larunbata): Legazpiko Kale Zaharrean.
· Ekainak 20 (ostirala): Oñatiko Madalena jaietan.