Lau egunetan hainbat teknika ikasi dituzte japoniar senseiekin. Goierritarrekin batera, munduko herrialde desberdinetako ehun lagunetik gora elkartu dira. Datorren urtean Japonian da
Duela urtebete, Goierriko Guske elkarteak Nazioarteko Kempo Elkartearen (IKA) Nazioarteko Shorinji Kempo jardunaldia antolatu zuen Beasainen; aurten, berriz, Bristolen (Erresuma Batua) antolatu dute eta bertan izan dira Guskeko hainbat kirolari goierritar, Maiatzaren Leheneko zubian, familiartekoak lagun dituztela. Ehun lagunetik gora elkartu dira shorinji kempoaren urteroko topaketan, Goierrikoak, Kanaria Handikoak, Italiakoak, Suitzakoak, Japoniakoak, Londreskoak, Irlandakoak… «Lagun berriak egin ditugu eta zaharrak ere ikusi ditugu. Iaz Beasainen egondako batzuekin egon gara. Oso ondo egon zirela esan ziguten, oso ondo jaten dela», adierazi dute Alvaro Calvo, Oskar Mateos eta Edito Mendez taldeko kideek.
Teknika berriak ikasi eta elkarbanatu dituzte. «Irtetea beti da ona, beste gauza batzuk ikasten dira, hemen egiten ez ditugunak». Esate baterako, «gorputza nola errekuperatu ikasi dugu, masajeen edo teknika desberdinen bidez». Bristolen ikasitakoa taldean elkarbanatuko dute orain. Hala ere, Goierriko taldeak maila oso ona duela garbi gelditu da berriz ere: «Hemen oso maila ona dugu. Japoniarrak kenduta, IKAko irakaslerik onena hemen dugu zorionez, João Cunha. Jakinduria handia du. Kanpora irteten garenean ikusten dugu maila ona dugula».
Datorren urtean Japonian egingo dute nazioarteko jardunaldia, «Shorinji Kempoaren mekan» eta bertara joaten saiatuko dira goierritarrak.