'Dantza Bira' jaialdia egingo du gaur gauen Sustraiak taldeak Latxartegi aretoan
Dantza taldeak ohiko eguna eta ordua aldatu ditu. Gaur egingo dute, 22:00etan, Latxartegin. Bizikleta bira baten egitura eman diote jaialdiari,: lau etapa izango ditu; bat, etapa gorenaEz da ohikoa Sustraiak dantza taldearen urteko jaialdia ostiralean ...
Dantza taldeak ohiko eguna eta ordua aldatu ditu. Gaur egingo dute, 22:00etan, Latxartegin. Bizikleta bira baten egitura eman diote jaialdiari,: lau etapa izango ditu; bat, etapa gorena
Ez da ohikoa Sustraiak dantza taldearen urteko jaialdia ostiralean egitea, ezta gauean egitea ere. Aurten, ordea, hala izango da. Gaur 22:00etarako jarri dute hitzordua, Latxartegi aretoan. Jaialdia larunbatean egitekoak ziren, baina bihar Haztegi ikastolak 50. urteurreneko bazkaria duenez, gaurrera aurreratzea egitea erabaki zuten.Hasiera batean, halere, ikastolako bazkaria aurreko larunbatean egin behar zuten; baina orduan, Emakumeen Bira Legazpin hasiko zela jakinda, data aldatu zuten. Hainbeste jira-biraren ondoren, Sustraiak dantza taldeak jaialdia gaur egitea erabaki zuen, baita gauez egitea ere. Bide batez, Emakumeen Biraren aitzakian, dantzariak ere Dantza Biran jartzea otu zitzaien.
Bizikleta bira baten egitura eman diote, hain zuzen, jaialdiari. Lau etapa izango ditu. Hasi, baina, aitzinetaparekin hasiko dira. Ondoren, etapaz etapa, doazen toki bakoitzeko dantzak egingo dituzte: Hazparne (Lapurdi), Lizarra (Nafarroa), Agurain (Araba) eta Iurreta (Bizkaia).
Jon Dorronsoro Sustraiak dantza taldeko kideak esan duenez, «Iurretakoa, laugarren etapa, alegia, izango da gure Dantza Biraren etapa erregina». Izan ere, dantza taldekoak Iurretan Dantzari Dantza sorta ikasten aritu dira. Bederatzi dantza dira guztira, eta horietako sei dantzatuko dituzte oholtzan.
San Joan bezperakoak
Tokian tokiko dantza-sorta 45 haur inguruk eta 27 bat helduk eskainiko dute. Bidelagun izango dituzte Goiz Deia taldeko txistulariak, Legazpiko hainbat trikitilari, dultzaina jotzaile bikote bat eta zenbait danborrari. Arropa aldetik, ohiko baserritar jantziekin dantzatuko direla adierazi du Dorronsorok.
«Guretzat jaialdia ikasturtean zehar egindako lana erakusteko modua da», jarraitu du. Guztira, 80 bat lagun ariko dira Latxartegiko agertokitik.
San Joan bezperako dantzen entseguekin, bestalde, hastear dira Sustraiak dantza taldekoak. Entseguak datorren asteartean hasiko dira, taldearen egoitzan, 20:15ean. Asteartero egingo dituzte ondoren, San Joan bezpera bitartean.