Iñaki Mujikari
GUTUNA – Maider Agirre Gurrutxaga
Aitortzen dut izen-abizenak burura ekartzea kosta egin zaidala. Olentzeroren itzala handia baita. Badakizu zer iruditzen zaidan? Olentzero batzuetan Iñakiz janzten zela, eta ez Iñaki Olentzeroz. Herritar denok izan gara testigu, zenbat urtetan egin diozun mesede Olentzerori. Eta begira, azkenerako, osasunaren ordez zuri ere ikatza ekarri dizu. Baina kostako zaio Olentzerori berriro horrela gorpuztea. Beraz, aurrena, beasaindar guztion izenean, eskerrik asko, Iñaki.
Hala ere, nik Iñaki eta bere familia txikitatik ezagutzeko aukera izan nuen, bizilagunak ginelako Igartza Oletan. Eta lerro hauek idazten ditut, alde batetik, besarkada goxo bat bidaltzeko Harkaitzi, Anartzi, Xikerri eta Maiteri. Eta bestetik, bereziki, beste bat zuri bidaltzeko, Iñaki, beti erakutsi zenidalako estimutan ninduzula. Igogailuan, kalean, auzoan, ekitaldiren batean, edozein tokitan elkartzen ginela ere, beti agurtzen ninduzun irribarre batekin, nire izenez, eta beti galdetzen zenidan zer moduz, edo hau edo hori edo bestea. Uste dut denok daukagula memorian gure haurtzaroko mapa propioa; orduko tokiekin, usainekin, pertsonekin eta gertaerekin. Nirean, Igartza Oleta txintxeta handi batekin markatua dago eta, Iñaki, mapa horren parte zara.
Egia da ezinbestekoak ez garela, baina nonbaitetik joatean batzuek arrasto sakonagoa uzten dute beste batzuek baino. Eta beasaindarroi guk uste baino gehiago kostako zaigu zure irudia alboratzea; Olentzeroren irudia eta euskaldun konbentzitu eta praktikante batena. Nire botoetan, eta beasaindar naizen aldetik, hemendik aurrera gure memorian eta gure ondarean, toki bat daukazu gordeta.
Hurrena arte, Iñaki!
– Maider Agirre Gurrutxaga