Lazkao eta Olaberria, Herriartekoan finalaurrekora
Goierriko hiru pala taldeetatik bik lortu dute Herriartekoan final-laurdenak gainditzea. Olaberriak Andoain kanporatu du, partidetan bina eta tanteoan 15eko aldearekin. Lazkaok 3-1 menperatu du Donostia. Kalean geratu dena Ordizia izan da, Oiartzunen a...
Itzulerakoan, Olaberriak paletan atera zuen aldea (35-17). Lanak ia eginda, motzean 21 tanto behar zituzten; aurretik iritsi ziren, nahiz gero partida galdu (35-40). Finalaurrekoa Errenteriarekin izango du. Joanekoa gaur dute, Fanderian (18:30ean).
Lazkaok 2-0ekoa eraman zuen Donostiako Altzara, eroso. Larruz, lehen aukeran, erabaki zuen kanporaketa (28-35). Motzean, Ibon Zurutuzak Herriartekoan debuta egin zuen, Mikel Arantzegik atzean lagunduta; galdu egin zuten (40-7).
Finalaurrekoan Oiartzun egokitu zaio, Ordiziaren borreroa. Lazkaoko kiroldegian jokatuko dute joanekoa, bihar 11:00etan.
Ordiziak, bi partidak galdu zituen zapatuan Oiartzunen: larruz 35-14 eta motzean 40-36. Agur esan dio Herriartekoari.
Eskuan, Ataun oso sendo
Eskuko adarrean, estreainaldia egin dute Beasainek eta Ataunek, final zortzirenetan. Beasaini 1 eta 2 aurreratu zaio Oiartzun. 8 tantoko galera ere gainditu beharrean da, itzulerakoan. Kadeteek eta jubenilek galdu egin zuten, 22-11 eta 22-3, hurrenez hurren. Nagusiek, aldiz, jipoi handiena eman zieten oiartzuarrei: 0-22 irabazi dute Azketak eta Garmendiak. Itzulikoa Antzizarren dute, gaur 19:30ean.
Ataunek, bere aldetik, igandean Auzoetan lanak bikain bete zituen. Errenteriaren aurka 3-0 aurreratu da, hiru neurketak irabazita: kadeteetan Goikoetxea anaiek 22-15, jubeniletan Beñat Senar-Josu Etxeberriak 22-3, eta nagusietan Iraitz Zubizarreta-Ibai Arratibelek 22-1.
Errenterian bihar 18:30ean jokatuko dute itzulia ataundarrek, Fanderiako Otaola kantxan.
Zumarraga ere aurrera
Paleta gomaz, Zumarragak gainditu du final zortzirenetako koska. Denera 4-2, Astigarragaren aurka. Igandean, bi partida irabazi zituen, eta bat galdu. Laurdenetan Tolosa hartuko du, gaur 19:00etan, Belokin.