Goierriko Mendizale Beteranoak taldeak hainbat ekintza antolatu ditu urteurrena ospatzeko. Batzuk irekiak dira, besteak talde barrukoak. Goierriko Bira egingo dute
Euskal Herriko hainbat leku historiko, auzo, eskualde, mendi eta bideak ezagutu eta gogoratu asmoz, Goierriko 21 aurre-erretiratu eta erretiratuz osatutako ibiltari talde bat elkartu, eta egitasmoa gorpuzten hasi ziren 2009. urtean. Harrezkero, asko eta asko izan dira astean behin egindako ibilaldiak, eta horrez gain, urtero-urtero zeharkaldi eta birak egin izan dituzte. Lehena Euskal Pirinioko Bira izan zen, 2009an, eta 2016 eta 2017. urteetan zehar osatu dute azkena: Arabako Mugetan Zehar.
Orain, 10. urteurreneko ekintzak antolatzen dabiltza buru-belarri, eta horiek aurkezteko, 16 laguneko ordezkaritza bat elkartu da Goierri Eskolan, Ordizian. Mikel Oiartzabalek, Joxan Imazek, Juanjo Mujikak, Angel Urteagak eta Karmele Barandiaranek hitz egin dute guztien izenean.
Ekainaren 12an hasiko duten Goierriko Mugetatik Bira izango da aurtengo zeharkaldi nagusia. Taldeko kide gehienak eskualdekoak direla aintzat hartuta, bailarako mugak ezagutuko dituzte 6 etapatan. Partaidetza irekia izango da, 60ko autobusa osatu arte. Zazpi egun lehenago zabalduko dute izen-ematea ondoko taulan harreman bideak eta bi egun lehenago itxi.
San Joan ondorengo asterako, berriz, Euskal Herriko Mendizale Beteranoen I. Topaketa antolatu dute. Araba, Bizkai, Gipuzkoa, Lapurdi eta Nafarroako hainbat taldek parte hartuko dute 280 lagun inguru, Aralarko Oiduiko saroia bilgune izango duen egitasmoan. Irailetik aurrera ekintza gehiago dituzte.
Taldeko kirola eta kohesioa
Goierriko Mendizale Beteranoen helburu nagusia honakoa da: taldeko jarduera fisikoa bizi-ohitura bezala hartuta, erretiro garaian zahartze osasungarria izatea. Baina jarduera fisiko eta emozionalaz gain, kohesio soziala ere lantzen dute, adin horretan horren ohikoa den isolamendu sozialari aurre eginez. Planak badituzte, eta osasunak laguntzen dien bitartean, oin eta bideak urratzen jarraituko dute.
Ekintzen zerrenda
Ekintza irekiak
· Goierriko mugetatik bira. Goierri mugaz muga zeharkatuko dute sei etapatan. Lehena ekainaren 9an izango da, eta azkena urriaren 20an. Mendi asegurua izatea beharrezkoa da.
· Euskal Herriko Mendizale Beteranoen I. Topaketa. Ekainaren 26, 27 edo 28an (eguraldiaren arabera). Euskal Herriko jubilatuen mendi taldeek Aralarren barrena ibilaldi egin, eta Oiduiko saroian elkartuko dira.
· Argazki erakusketa, ikus-entzunezkoa eta hitzaldiak. Irailean hasita, Amets gauzatua argazki erakusketa eta Hamar urteko uzta ikus-entzunezkoa emango dituzte. Goierriko hainbat herritan datak zehaztu dituzte dagoeneko. Azaroan, Ordiziako Mendi Astean, Euskal Mendizaletasunaren historia eta Elikadura eta prestaketa hitzaldiak izango dira.
Talde barrukoak
· Ospakizuna. Apirilaren 18an egin zuten Joxe Imaz taldeko beteranoari –80 urte– aitortza egiteko ospakizuna. Lizarragatik Unanura egin zuten ibilaldia, eta azken herri horretako elkarte batean bazkaldu zuten .
· Ezkarain hiru eguneko egonaldia. Irailaren 11, 12 eta 13an Ezkarai aldera joan dira, eta egunero mendi ibilaldi bat egingo dute inguru hartako parajeetan.
· Urte bukaerako bazkaria. Taldeko kideek bazkaria egingo dute, oraindik zehaztu gabe dagoen egun eta tokian.
Harremanetarako
· Webgunea: www.gmb.eus.
· Posta elektronikoko helbidea: goierrikomb@gmb.eus.