Motor hotsak hartu ditu Idiazabalgo kaleak
Ibilgailu Klasikoen Bosgarren Topaketa ospatu dute Idiazabalen, bosgarren urtez, ibilgailuak zein Goierri eskualdea ezagutzera emateko
Ibilgailu Klasikoen Bosgarren Topaketa ospatu dute gaur, Idiazabalen. 25 urtetik gora dituzten autoak, bizikletak, furgonetak eta abar ikusteko aukera izan dute herritar zein bisitariek. Ibilgailuak elkartzeaz gain, Goierri eskualdea ezagutzera ematea da topaketaren helburua antolatzaileen hitzetan, topaketak jendea erakartzeko balio baitu.
Autoen topaketaz gain, beste hainbat ekintza ere burutu dituzte. 10:30ean Aranburu gaztandegia eta gazta museoa bisitatu dituzte parte-hartzaileek. Ondoren, hamaiketakoa banatu diete eta 11:00etatik aurrera ibilgailuak Goierriko herrietan zehar ibili dituzte. Ibilbidea amaitu ondoren, Idiazabalgo txoko ezberdinetan jarri dituzte autoak, eta 14:30etan bazkaltzera joan dira.
Iaz eguraldi txarra zela eta, parte hartzaile kopuruak behera egin zuen. Aurten ordea, eguraldia lagun izan dute eta jende ugari hurbildu da ibilgailu klasikoak ikustera.