Beasaingo Arangoiti egoitzan 15 plaza gehiago hitzartu ditu aldundiak
Guztira 92 adinekorentzako tokia dago adineko egoitzan.Eskualdeko arreta zerbitzua hobetu nahi dute ohe gehiagorekin.
Eskualdeko adineko pertsonen arreta zerbitzua hobetzeko helburuarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiak 15 plaza berri gehiago hitzartu ditu Beasaingo Arangoiti egoitzan. Biharko enpresak kudeatzen duen Arangoiti egoitzak 92 plaza izango ditu egoiliarrentzat, horietatik 15, psikogeriatriko unitaterako. Gaur goizean Markel Olano diputatu nagusia eta Maite Peña Gizarte Politikako diputatua, Aitor Aldaroso alkatearekin eta Arangoiti Fundazioko presidentearekin batera izan ziren Arangoitin egindako obrak ikusten. Alkateak eskerrak eman zizkien aldundiko ordezkariei, 2009tik plazak eskatzen aritu baitira eta «legealdiko helburua» bete baitute 15 plaza berri martxan jarrita. Arangoiti Fundazioak erabiltzen ez zen solairu batean egokitzapenak egin ditu eta plaza horien konzertazioa lortu izana, «egindako lan txukunaren emaitza izan dela» gaineratu du Fundazioko presidenteak Aldasorok. Markel Olano ahaldun nagusiaren esanetan, egoitza plaza berriak «lurralde oreka» errespetatuz sortzen ari da aldundia, «lurraldeko adineko mendekoek aukera izango baitute bere ingurunetik gertu dagoen plaza bat lortzeko, kasu honetan Goierrin bertan». Izan ere, Olanok emandako datuen arabera, Gipuzkoan 80 urtetik gorako 50.000 lagun baino gehiago daude, «2000. urtean zeudenen bikoitza, eta 2031n 68.000 izango dira». Gainera, 25.800 mendektoasuna duten adinekoak izango lirateke. Datu horiek kontuan hartuta, aldundiak «ibilbide orri bat prestatu du zahartzearen erronkari aurre egiteko». Honela, Gipuzkoan 300 plaza berri sortuko dira adineko egoitzetan, era progresiboan, egoitza plaza eskatu dutenen itxaron zerrenda murrizteko.