Tokiko hazi ekologikoen ekoizpenari buruzko hitzaldia egingo du Arribasek (Madril, 1979), gaur, 19:00etan, kultur etxean. Gaur kontatuko duenaren aurrerapena egin dio GOIERRIKO HITZA-ri.Hazi eta ekologiko. Azalduko zenuke nola lotzen zaion hazi substan...
Tokiko hazi ekologikoen ekoizpenari buruzko hitzaldia egingo du Arribasek (Madril, 1979), gaur, 19:00etan, kultur etxean. Gaur kontatuko duenaren aurrerapena egin dio GOIERRIKO HITZA-ri.
Hazi eta ekologiko. Azalduko zenuke nola lotzen zaion hazi substantiboari ekologiko adjektiboa?
Haziak, produktu gisa ulertuta, produzitzeko erari egiten dio erreferentzia ekologiko adjektiboak, alegia, sintesi produkturik gabe, agrotoxikorik gabe ekoitzitako haziez ari gara. Edonola ere, guri gehiago gustatzen zaigu agroekologiko kontzeptua sakonagoa delako; lurrari lotutako nekazaritzaz hitz egiten du, ingurugiroari egokitutako nekazaritzaz, familiari, mendeetan zehar bizirik iraun duena da eta aurrerantzean irauteko giltzarria ere bada.
Izan ere, ekologikoa den guztiak ez ditu aurreko ezaugarri horiek betetzen. Ekologikoa modu industrialean ekoitzi daiteke edo munduaren beste bazterretik etor daiteke.
Produktu ekologikoak bogan daudela esan daiteke, baina haziekin ahaztuta al gaude?
Erabat ezezaguna zaigun alorra da. Gizarteak nahikoa ahaztuta du nekazaritza mundua eta areago haziena. Gainera, nekazariek ere ahazten dute, baita nekazaritza ekologikoa egiten dutenek ere, nahiz eta neurri txikiago batean.
Gure ustez, hazien gaiak toki nabarmenagoa izan beharko luke, izan ere, lehena hazia baita, den-dena haietatik sortzen da eta.
Tokiko hazien garrantziaz jabetzeko adibide bat jarriko zenuke?
Demagun eusko labeleko tomatea. Haiek ereiteko hazia Asiatik etor daiteke. Tokian tokiko produktua da, ekologikoki produzitutakoa, baina hazia, akaso, modu hiperindustrializatuan ekoitzi dute munduaren beste aldean.
Ez da horrenbeste denbora gure baserritarrek haziak banatzen zituztela, hala ere, haziak banatzeko eta trukatzeko aukera kendu digute. Jarduera hori haziak ekoizten dituzten multinazionalek egiten dute eta agrotoxikoak produzitzen duten multinazional berberak dira.
Zer galtzen dugu haziei pista galtzen diegunean?
Hasiera bera ahazten dugu eta aurrez genuen jakintza ere galtzen dugu. Jakintza hori ezinbestekoa da gure biziraupenerako. Badirudi egun indarrean dagoen ereduak betirako iraungo duela, baina kontrakoa gerta daitekeenaren gero eta zantzu gehiago dago.
Gure baserritarrek aspaldian izan eta gorde duten jakintza dela esan duzu.
Bai, hala da. Bereziki emakumezkoak izan dira jakintza horren gordailuak eta hala izan da kultura guztietan. Emakumezkoen lana lurrari lotuago egon izan da, eta, oraindik ere, nekazaritzara lotuago dauden gizarteetan Afrikan edo Latinoamerikan, adibidez haziek toki zentrala dute. Esango nuke, esanahi metafisiko bat eta guzti eransten zaiela, eta hori, oro har, emakumezkoen eskuetan dago. Haziak ugalketarekin lotuta egonda, oso logikoa da emakumezkoen eta hazien arteko lotura.
Gaurko hitzaldian tokiko hazi ekologikoen ekoizpenaz jardungo zara.
Bai, modu praktikoan aritzeko eskatu didate eta nire helburua da bertakoak haziak produzitzera animatzea, hain zuzen, autokontsumorako baratzeak dituzten legazpiarrak. Hazien ekoizpena ez da horren zaila, gutxieneko jakintza bat behar da gauzak ongi egin eta hurrengo urtean produktua izan dezazun, baina egin daiteke.
Bertako haziei buruz arituko zara.
Tokian tokiko hazien gainean hainbat arazo dago. Legeak haziak merkaturatzea eta trukatzea debekatzen du, eta enpresa handiei ateak ireki eta ekoizle txikiei itxi egiten dizkie. Haziak erregistratzeko baimen bat lortu, eta barietate batzuk baino ez dituzte erregistratzen; beste asko kanpoan geratzen dira, galtzeko zorian. Hala, tokiko aberastasun genetiko asko galtzen dira. Guk barietate horiek aldarrikatzen ditugu, finean, inguru bakoitzera ondoen egokitzen direnak direlako, baita aldaketetara ere, eta hori garrantzitsua da klima aldaketaren testuinguruan. Badaude hazi biltegiak, baina haziak museoetan gordetzeak ez du zentzurik, baratza da haien tokia. Biltzeko eta gordetzeko gogoa badago, baina bestelako nekazaritza politikarik gabe ez du askorako balio.